BLV-ART jaialdiak Bilbo Zaharra kulturearen erdigune bihurtuko dau
2026-04-08 10:20 KultureaJarduerak apirilaren 16tik 26ra izango dira.
Programazinoaren ardatza jantzea, performancea eta dramaturgia barriak dira, formatu ez-konbentzionalak eta edade guztietako jentearentzat. Danetara, hamar konpainiak hartuko dabe parte, horreetatik bost Euskadikoak.
BLV-ARTek hamaika ikuskizun eskainiko ditu eta programazinoak bost erabateko estreinaldi eta Euskadin hiru estreinaldi ditu. Ikuskizun guztiak Bilbon programetan dira lehenengo aldiz. Jarduera guztiak doban izango dira jarlekuak bete arte, Bilborock aretoko emonaldiek eta Free Tour-Bilbao proposamenak izan ezik.
Bilboko Udalak Bilbo Zaharreko hainbat espaziotan sorkuntza artistikoko formatu barriak erakustea dau helburu. Jaialdiak XX. edizinoa beteko dau aurten eta egitarau zabala eta anitza prestau dau, Bilboko auzoa kulturearen erdigune izanik, ekimen eszeniko barritzaileez gozetako prest dagozan persona guztietzako.
Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak eta Alicia Otxandategi BLV-ARTeko zuzendariak aurkeztu deutsee programazinoa komunikabideei. Eurekaz batera, Indómita Compañíako kide Amaiur Macías artistea izan da, eta apirilaren 22an, eguaztenean, Bilborocken egingo daben Gemidos de un cuerpo sin órganos performancearen erakusketa eskaini dau.
Apirilaren 16tik (eguena) 26ra (domekea) bitartean, publikoak antzerkia, jantzea, performanceak eta ikus-entzunezko ekimenak ikusi ahal izango ditu, hamar konpainiaren eskutik, horreetako bost Euskadikoak. Danetara, hamaika ikuskizun izango dira, guztiak Bilbon lehen aldiz programauko diranak, tartean bost erabateko estreinaldi eta Euskadin hiru estreinaldi. Emonaldiak Berreginen Museoan, Bilborocken, Arriaga Plazan eta San Frantziskoko Udaltegian izango dira.
Programazinoan erabateko estreinaldiak: Tetas, Raira Rosenkjar (Euskadi); 52-BLAU, IXA (Euskadi-Galizia); Free Tour-Bilbao, Perpetûa Vastarda (Euskadi); Perpetua, Alba De Miguel & Miguel González (Espainia-Berlin); eta Laberintua mugitzen da, Macarena Recuerda Shepherd (Euskadi).
Beste alde batetik, María García Veraren (Bartzelona-Murtzia) La vía láctea, Paloma Calleren (Madril) 100 cosas que hacer hoy mejor que ver este espectáculo eta Jaume Cloteten (Katalunia) Alusinasons piezak lehen aldiz ikusiko dira Euskadin. Gainera, Indómita Compañíaren (Euskadi) Gemidos de un cuerpo sin órganos lana eta Alex de la Croix eta Sara Ruiz Ferrerren (Madril) Domingo de gramos film laburra eskainiko dira.
Ikusi programazino osoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
