-Euskal Kulturaren Plaza-n 41.000 persona baino gehiago batu dira

Bizkaie! 2026-04-08 07:54   Kulturea

2026ko Bilbao Basque Fest sano erakargarria izan da.



Euskal kulturaren hitzordua apirilaren 1etik 4ra egin da, eta programazino erakargarria izan dau, kalidadea, dibersinoa eta parte-hartzea buztartuz. Musika-programazinoaren barruan AZn, Arenalean, Bilborocken eta Kafe Antzokian egindako kontzertuak Bilbao basque FESTen jaialdiaren zutabe nagusietako bat izan dira.

Bilboko Udalak atondutako jaialdiko jardueretako asko Arenalean egin dira, Euskal Kulturearen Plaza izenagaz, Herri Kirolak, kontzertuak, gastronomia eta showcookingak eta bestelako jarduerak egin dira eremu horretan.

Bilbao Basque FestST jaialdia apirilaren 1etik 4ra egin da eta lau egun horreetan bisitariek eta bilbotarrek programazino zabal eta dobakoa izan dabe.

Aurtengo nobedadeetako bat Euskal Kulturearen Plazea izan da. Arenalean egon da, eta hainbat jarduera egin dira, besteak beste, parte-hartze bidezko tailerrak, showcookingak eta Herri Kirolen zuzeneko erakustaldiak, publikoari gastronomia, kirola eta euskal musika tradizionala hurbilduz, ikuspegi irisgarri eta esperientzialean oinarrituta. Espazio berean era askotako formatuak egiteak jaialdiaren dimensino soziala indartu dau, Arenala euskal nortasun kulturalaren ingurune bizi, dinamiko eta adierazgarri bihurtuz.

Alkargune barri horretan 41.000 persona baino gehiago batu dira jaialdiaren hiru jardunaldi nagusietan, eta horrek trakzino-efektu argia eta publikoaren etenbako joan-etorriak eragin ditu, eta jarduera guztietan parte hartzea erraztu dau.

Lehenengo egun bietako eguraldia gorabehera, ia programazino osoa gauzatu ahal izan da. Eguenean euriaren eraginez bertan behera itxi ziran Urbasa ikuskizuna, txalaparta-tailerra eta arraunketa bateletan.

Musikea

Jaialdiko zutabeetako bat musika-programazinoa izan da, eta 18.000 persona inguru bertaratu dira Azkuna Zentroan, Arenalean -Euskal Kulturearen plaza-, Bilborocken eta Kafe Antzokian programautako emonaldietara. Proposamen sendo eta erakargarriak izan dira, euskal musikako artista historikoak, proiekzino betean dagozan artistak eta bidea egiten hasi diran ahotsak buztartu dira, tradizinoaren eta garaikidetasunaren arteko orekea eskainiz.

Azkuna Zentroan, Anje Duhalde eta Niko Etxart euskerazko rockaren erreferenteen kontzertuagaz hasi zan jaialdia. Gune horretan bertan, Olaia Inziartek zuzeneko saio intimo eta zehatz jagondakoa eskaini eban, tradizinoaren eta elektronikearen artean dabilen proposamena zabalduz. Bestalde, Maren kantariak bere bigarren lana Qué lástima aurkeztu eban. Eta horregaz batera, euskerazko abesti barriak ekarri zituan, berbarako Zure zain eta Sekretuek, izaera personal eta autobiografikoa dabenak.

Arenalean, Neomak taldeak eszenaratze indartsua egin eban eta Korrontzik, Agus Barandiaran buru ebala, Arenala jai-plaza handi bihurtu eban, sasoiko erromeria, euskal kultureari omenaldia eginez, musikearen, jantzearen eta Herri Kirolen erakusketen bidez. Hogeita hamar bat jantzari ondoan zituala, Mundua Dantzan nazinoarteko bireari ekin eutson Bilbon. Bira hori 2027an amaituko da.



Agertoki horretako azkena Anne Etchegoyen izan zan eta kalidade handiko kontzertua eskaini eban, hizkuntza minoritarioetan edo ez hegemonikoetan oinarritutako 'KCant à' proiektuko artistakaz batera.

Bilborocken, barriz, Gar; Mugan; eta Bisai nabarmendu daitekez.

Programea osotzeko, Bilbao FEST Rock City izan dogu Kafe Antzokian punk eta soul arteko estiloak nabarmenduuz: Chulería, ¡Joder!, Txarly Usher, John Dealer & '26; The Coconuts, Mirotz, The Rockabilly Pack, Crazy Jumpers edo The Cherry Boppers & Patricia Reckless lako bandakaz.

Agertoki guztietako emonaldiak erantzun handikoak izan dira eta jenteak interesa dauka tradizinoa eta modernidadea buztartzen dituan programazinoagaz gozetako, Bilbo egungo euskal musika-sorkuntzearen erakusleiho kokatuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu