Loraldiak 6 proiektu hautatu ditu

Bizkaie! 2026-04-07 07:55   Kulturea

2026ko udako gazte kultur sormen egonaldietan parte hartzeko.





Loraldiak ebatzi dau 2026ko udako gazte kultur sormen egonaldien deialdia, eta aurkeztutako 10 proiekturen artean 6 hautatu ditu aurtengo egonaldian parte hartzeko. Danetara, 13 gazte sortzailek hartuko dabe parte Lekeition, bagilaren 23tik 26ra, egingo dan sormen-egonaldian. Ekimen hau Loraldia Gaztea lan-arloaren barruan kokatzen da, euskeraz sortzen daben gazteei plaza, denpora, baliabideak eta hartu-emon-sarea eskaintzea helburu dituan, euren sormen proiektuak lantzeko eta sendotzeko. Loraldiaren eretxiz, gazteen sormena sustatzea ez da belaunaldi barriei aukerea emotea, baita euskerazko kulturearen etorkizuna elikatzea be bada. Loraldia Gazteak, hain zuzen, transmisinoa, esperimentazinoa eta belaunaldi barrien ahalduntzea buztartzen ditu.

Aurtengo deialdian hautatutako proposamenek aniztasun handikoak dira, bai diziplinei jagokenez, baita sormen begiradei jagokenez be; literaturea, jantzea, dramaturgia, performancea, ikus-entzunezkoa eta diziplina arteko proposamena, hain zuzen be. Hautatutako sei proiektuak honako honeek: Fauna, Beti neure burua zuritzen, Magala, (T)artean, Lekua lekuko eta Nik bakarrik, barriz. Proiektu horreetan dabiz Iruñea, Durango, Algorta, Erandio, Leioa, Donostia, Bilbo, Tolosa eta Barakaldoko sortzaile gazteak.

Egonaldiak

Sormenerako espazioa eskaintzeaz gan, parte-hartzaileek lanerako denporea eta lekua, tutoretzea eta laguntza profesionala, ostatu-baldintzak eta hartu-emon-sare barriak sortzeko aukerea izango ditue.

Aste horretan Loraldiak Lekeition atonduko dituan jarduera kulturalakaz lotura zuzena izango dabe, egonaldia esperientzia esanguratsu bihurtuz. Egonaldi hau euskerazko sormen gazteari bultzada estrategikoa emoteko sortu da: ideak konpartidu, proiektuak findu eta etorkizuneko ibilbide artistikoak sendotzeko.

Loraldiak balio berezia emoten deutso aurtengo hautaketeari, erakusten dauelako badagoala euskeraz sortzen dauen belaunaldi gazte bat, ahots propioagaz, lengoaia garaikideagaz eta kultur panoraman tokia hartzeko gogoagaz. Horregaitik, Loraldia Gaztea ez da programa osogarri bat, Loraldia egitasmoaren ikuspegi estrategikoaren parte da, gazteak euskerazko kulturea erdigunera ekarteko tresna legez.

Udako kultur sormen egonaldiek berresten dabe Loraldiak euskerazko kulturearen garapena, barrikuntzea, transmisinoa eta ikusgarritasuna sustatzeko dauen konpromisoa, eta belaunaldi barrien sormenean inbertidutearen garrantzia.

Hautatutako proiektuak

Fauna | Literatura
Iñigo Satrustegi (Iruñea)
Beti neure burua zuritzen | Teatroa - Dramaturgia - Performance
Kattalin Noizbehinka (Durango), Paula Brezo (Algorta)
Magala | Teatroa - Dramaturgia
Amets Ibarra (Erandio), Idoia Tapia (Iruña), Ines Aresti (Leioa), Nahia Sillero
(Donosti), Nerea Lizarralde (Bilbo)
(T)artean | Dantza
Leire Ondarroa (Algorta)
Lekua lekuko | Literatura
Alaitz Urrutia (Erandio)
Nik bakarrik, berriz | Teatroa - Dramaturgia - Ikus-entzunezkoa
Ziggy Docherty (Tolosa), Aitzol Villahoz (Barakaldo), Ismael Munuera (Barakaldo)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu