Euskaltzaindiak liburu bi aurkeztuko ditu Saran

Bizkaie! 2026-04-01 07:45   Kulturea

Idazleen 43. Biltzarrean, hain zuzen be.

Sarako Idazleen Biltzarrak 43. ahalegina beteko dau aurten, eta euskal egileen habia izango da hiru egunez, hain zuzen, apirilaren 5ean, 6an eta 7an.

Aurten, Jean-Michel Garat medikuak sortutako topaguneak Anne Marie Lagarde ikerlaria eta Marikita Tambourin idazle eta ohorezko euskaltzaina omenduko ditu.

Euskaltzaindiak hasieratik parte hartu dau azokan eta aurten be Sarako kiroldegian izango da Akademiaren erakusmahaia. Horrezaz gan, argitalpen bi aurkeztuko ditu euskerearen Akademiak: Pazko Astelehenean izango da agerpena, apirilak 6 dituala, goizeko 11:00etan: batetik, Battittu Coyos euskaltzain osoak Junes Casenave-Harigileren Olerki bildüma agertuko dau jente-artean. Aspalditik dabil zuberotarra Casenave-Harigileren idatziak aztertu eta editetan eta honako hau poesiari lotua dago. Dosier bi badira liburuan: lehen dosierreko 138 olerkietan danetarik dgu aitagai (naturea, liliak, animaliak, iragaten eta egiten dan denporea, jentea, bizitearen gorabeherak, sentimenduak...), eta bigarren dosierrak erlijinoari lotutako hamalau olerki batzen ditu.

Bestetik, Jon Casenaveren saiakerea dogu, Euskal klasikoen bila. Autore zaharrak zertarako ditugu? Liburu honetan, hainbat gai jorratzen ditu euskaltzainak, besteak beste, zelan osotu dan euskal klasikoen corpusa, zelan finkatu dan euskal kanon literarioa XX. mende erditik aurrera, gaiari buruz Jon Etxaidek, Koldo Mitxelenak, Ibon Sarasolak edo Joan Mari Torrealdaik eginiko ekarpenak, zertan diran gaur egun gure hartu-emonak lehengo autoreakaz…

Prentsaurrekoaren ondoren, idazleek liburuak sinatuko ditue Euskaltzaindiaren erakusmahaian.

Euskerearen Erakunde Publikoaren laguntzaz argitaratu dira liburu biak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu