Gazteen Dantza Topaketea 2026 Lakuntzan egingo da, bagilaren 26tik 28ra

Bizkaie! 2026-03-31 08:53   Kulturea

Izen-emotea zabalik apirilaren 10era arte.

Gazteen Dantza Topaketaren (GDT) 2026ko edizinoa Lakuntzan (Nafarroa) egingo da eta Euskal Dantzarien Biltzarrak (EDB) dei egiten deutse Euskal Herri osoko 15 eta 26 urte bitarteko jantzari gazteei izena emon, euskal jantzen komunidadea indartu eta gazteek jantza taldeetan daben zereginari buruzko hausnarketan parte hartu deien.

Euskal Dantzarien Biltzarrak ekin deutso daborduko Gazteen Dantza Topaketearen laugarren edizinoari. Araian, Areatzan eta Seguran izandako esperientzien ondoren, aurten topaketea Lakuntzan izango da, Nafarroan, bagilaren 26tik 28ra bitarteko astegoienean.

Gazteen Dantza Topaketea Euskal Herri osoko jantzari gazteei zuzendutako topagunea da. Proiektuaren helburua gazteen arteko hartu-emonak sendotzea, kide izatearen sentimentua indartzea eta euskal jantzek etorkizunean izango dituen erronkei buruz hausnartzeko eta proposamenak konpartiduteko gune bat eskaintzea da.

Izen-emotea: apirilaren 10era arte

2026an parte hartu nahi daben gazteek apirilaren 10era arte izango dabe izena emoteko aukerea. Euskal Dantzarien Biltzarrak atontzaileakaz hartu-emonetan jarteko dei egiten deutse jantzari eta
jantza taldeei, edozein duda argitzeko edo informazino gehiago jasoteko. Asmoa jantzari bakotxak Gazteen Dantza Topaketea zer dan eta Lakuntzan egingo dan astegoien berezi honetan zer topauko dauen bertatik bertara ezagutzea da.

Jantzari izateaz harro!

Euskal Dantzarien Biltzarra 1965ean sortu zan, Euskal Herriko jantza, musika eta ohiturei eutsi, berreskuratu eta zabaltzeko helburuagaz. Diru irabazi asmorik bako alkarte soziokulturala da,
euskal jantzak sustatu eta babesteko helburua dauena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu