EHUko katedradun Ramon Zallo hil da
2026-03-31 07:45 KultureaAzken agurra, martiaren 31n izango da, 17:00etatik 19:00retara Gernika-Lumoko Uribe Tanatorioan.
Gernika-Lumon jaioa, 1948an, Zuzenbidean eta Ekonomian lizentziaduna izateaz gan, Informazino Zientzietan doktorea zan. Euskal Herriko Unibersisadea sortu baino urte bi lehenago, 1978an, hasi zan irakasle Informazioa Zientzietako Leioako Unidadean. Ikus-entzunezko Komunikazinoko katedradun izentau eben 1994an eta irakasle emeritu ibili zan 2019tik 2022ra arte.
Ikus-entzunezko Komunikazino eta Publizidade Saileko kidea izanik, Zallo komunikazinoaren eta kulturearen industrien ikerketan aurrendaria izan zan. Berak azaltzen ebanez, lehenengo urte hareetan, jarrera kritikoagaz, soziologia funtzionalistea eta ekonomia mikroa gainditu behar izan ziran, ikuspegi teoriko, egiturazko, geografiko eta sektoriala emoteko. Holan, komunikazinoaren eta kulturearen ekonomia bat formalizau, egiturak, eragileak eta fluxuak nabarmenduz, ekonomiak eta merkataritzeak kulturearen eta digitalen munduan daben lekua argitzen saiatzeko.
Lan askoren egile izan da Zallo. Ekonomiari, kultureari eta kultura eta komunikazino politikei buruzko artikulu ugari kaleratu ditu, baita kutsu soziopolitikokoak be. Hamaika liburu argitaratu zituan, azkena Retrovisor y bisturí (Alberdania, 2025), azken 60 urteei buruzko memoria kritikoko ariketea. Beste lan kolektibo askoren zuzendaria edo zuzendarikidea izan da.
Kudeaketa publikoaren arloan, Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuaren aholkularia izan zan komunikazino, ikus-entzunezko eta kulturearen arloan 2002-2009ko legegintzaldietan. Kulturako Euskal Planaren (2004-2015) eta Kulturearen II. Euskal Planerako Orientabideen (2009-2012) egile nagusia izan zan. Euskadiko Ikus-entzunezkoen Liburu Zurian parte hartu eban (2003) –hortik sortu zan EIKEN klusterra–, baita honako honeetan be: Kulturaren Euskal Behatokia martxan jartzean (2006), irratiko FMaren eta Tokiko Telebista Digitalaren inguruko euskal legedia prestetan, komunikazinoari eta Ikus-entzunezkoen Kontseiluari buruzko lege-proiektua atontzen eta Euskal Autonomia Erkidegoko ikus-entzunezkoen finantziazinoari buruzko dekretua osotzen. Gainera, EITBgazko kontratu programa bitan aholkulari izan zan.
Zazpi urtez Komunikazinoko Ikerketearen Espainiako Alkarteko (AE-IC) Komunikazino Egitura eta Politiken Saileko zuzendaria izan zan; alkarteak omendu eban 2020an. Informazino, Komunikazino eta Kulturako Ekonomia Politikoko Batasun Latinoko (ULEPICC) Espainiako ataleko presidentea be izan zan. 2025eko zemendiaren 5ean Euskal Kazetarien Alkartearen eta Kazetarien Euskal Elkargoaren ohorezko saria jaso eban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
