Roglic, Ayuso del Toro, Aranburu, Landa eta Bilbao 65. Itzulian izango dira

Bizkaie! 2026-03-27 12:58   Kirola

Itzulia apirilaren 6tik 11ra izango da. 

2026ko Itzulia Basque Countryren aurkezpen ofiziala egin dabe Bergarako Seminarixoan. Bertan, ordezkari instituzinonalek, babesleek eta erakundeko kideek parte hartu dabe: Gorka Artola, Bergarako Udaleko ordezkaria; Javier Riaño, OCETAko presidentea; Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoko eta Kiroletako zuzendaria; Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak; Basotik; Ibon Barberia, Echemarreko Komunikazinoko zuzendaria; eta Joseba Urkiola, EITBko ordezkaria.

Gorka Artolak, Bergarako alkateak, adierazo dauenez: Bergaran, badakigu Itzulia ez dala maila goreneko kirol-ikuskizuna bakarrik. Askoz gehiago da. Gure herriko eta Euskal Herriko nortasuna, kultura zein balioak mundura zabaltzeko sekulako aukerea da. Itzuliak tokian-tokian nahiz nazinoartean daukan jarraipenak Bergara eta Debagoiena jarriko ditu mapan, eta gure paisajea, historia eta jentea eroango ditu mundu zabaleko ikus-entzuleakana. Aurton, gainera, Lokatza taldearen 50. urteurrena da. Mende erdiko lana ez da erraz egiten. Lokatzak gure herrialdeko txirrindularitzearen kulturea eratu eta sendotu dau, belaunaldiak batu eta kirolaren balioak erakutsi ditualako. Horregaitik, azken etapea Bergaran amaitzea Lokatzari eta gure herrian hain sustraituta dagoan txirrindularitza-tradizinoari eskainitako benetako autortzea da.

Javier Riañok, OCETAko presidenteak ondokoa esan dau: Itzuliaren 65. edizinoak ikuskizun handia eskainiko dau eta, bertan, mendia zein maila handiko txirrindulariak izango dira nagusi. Ez dira egongo Pogacar eta Vingegaard baina beste txirrindulari batzuk bai; esaterako, Ayuso edo Del Toro. Halanda ze, euren artean lehiatuko dira, itzuli handietako bat irabazi ahal izateko.

Gorka Iturriagak, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoko eta Kiroletako zuzendariak, Itzuliko atontzaileen lana nabarmendu dau: hain maila handiko probeak atontzeko, eskakizunak gero eta handiagoak eta zailagoak dirala kontuan hartuta. Hori dala eta, gaur, lan horri emon gura deutsot balioa.

Roberto Ramajok, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zuzendariak, azpimarratu dauenez: Itzuliak barriro egiaztatu dau txirrindularitzeak indar handi-handia daukala Gipuzkoan eta gure lurraldeak gaitasun handia dauela kirol-hitzordu handiak atontzeko.

Joseba Urkiolak, EITBko ordezkariak, adierazo dauenez: Itzulia urteko ekitaldi handienetakoa da guretzat. Hori dala eta, eskuragarri ditugun baliabideak erabiltea da asmoa. Bilbotik urten eta Bergarara helduko danez, EITB euskarri garrantzitsua izango da, baita zabalkunderako tresnea be.

Ibon Barberiak, Echemarreko Komunikazinoko zuzendariak ondokoa aitatu dau: Itzuliari babesa emotean, hain zuzen be, boluntarioen erakundeari emoten jako babesa, kirola sustatu eta gure lurraldea erakusten da, euripean be ezin zoragarriagoa dala kontuan hartuta. Horretarako, auzolana dau oinarri.

Itzulia Basque Countryk barriro sendotu dau WorldTour egutegian bertan daukan posizinoa, baita lurraldeagazkoa be.

Abesti ofiziala

Itzuliko abesti ofiziala Momak taldearen Itzuliko naiz da. Entzun eta ikusi hemen.

Txapeldunak janzten

Barriro be, Gobik izango da Itzulia Basque Countryko sailkapen nagusiko liderrak jantziko dituana. Lau maillot bereizgarri egongo dira: Euskadi Basque Countryk sailkapen nagusiko irabazlearentzat babestutako horia, Basotik Fundazinoak babestutako mendikoa, Gipuzkoako Foru Aldundiak babestutako erregulartasunekoa; eta EITBk gazte onenarentzat babestutakoa.

Munduko txirrindularitza onena sei etapatan

Itzulia Basque Country-k sei etapa izango ditu eta bere ohiko formatuari eutsiko deutso WorldTour egutegiaren barruan. Ibilbideak barriro zeharkatuko ditu Euskadiko hainbat udalerri eta lurralde. Guztira, 810,1 kilometro izango dira, metatutako aldatza 16.154 metrotik gorakoa izango da eta 29 mendate puntuagarri egongo dira: lehen mailako 4, bigarren mailako 7 eta hirugarren mailako 18. 

Gainera, nazinoarteko maila handiko taldeek eta txirrindulariek parte hartuko dabe, besteak beste, Juan Ayuso, Thibau Nys eta Mattias Skjelmose (Lidl-Trek); Maximilian Schachmann eta Mikel Landa (Soudal Quick - Step); Isaac del Toro (UAE Team Emirates XRG); Primoz Roglic (Red Bull - Bora - Hansgrohe; Paul Seixas (Decathlon CMA CGM Team); Cian Uijtdebroeks (Movistar Team); Pello Bilbao eta Antonio Tiberi (Bahrain Victorious); Alex Aranburu eta Ion Izagirre (Cofidis); eta Ben Healy (EF Education - Easypost).

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu