4. Itzulia Basque Challenge: Bergaran hasi eta amaitu

Bizkaie! 2026-03-26 09:18   Kirola

Apirilaren 16an izango da eta ibilbide bi izango ditu.

Itzuli Basque Challenge lasterketeak laugarren edizinoa aurkeztu dau, Bergaran, probearen zehetasun nagusiak ezagutzera emoteko egin dan ekitaldi ofizialean. Ibilaldiak 2026ko Itzuliaren seigarren etapako ibilbidea errepikauko dau, aurreko edizinoekaz alderatuta kokapen aldaketearen barritasun handiagaz. Probeak parte-hartzaile kopuruari eusten deutso eta zikloturisten egutegian finkatzeko prozesuan jarraitzen dau.

Jardunaldia Itzulia amaitzen dan asteburuan egingo da, zaleei txirrindulari profesionalen ibilbide bardinak egiteko aukerea emonez. Atontzaileek hainbat mailetara egokitutako aukera bi eskainiko ditue barriro.

World Tour ibilbideak 133,8 kilometro eta 3.000 metro baino gehiagoko desnibel positiboa izango dau. Bestalde, Fondo Erdiak 70,2 kilometro eta 1.650 metro baino gehiagoko desnibela dauen alternatibea eskainiko dau.

Ekitaldian parte hartu dabe Gorka Artola Bergarako alkateak, Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mobikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamendu diputaduak eta Javier Riaño probearen zuzendariak. Erakundeen eremutik, martxeak lurraldea eta turismoa sustatzeko eta kirola egiteko tresna bezela dauen eginkizuna nabarmendu dabe.

Gorka Artola Bergarako alkateak azpimarratu dauenez: plazer handia da Euskal Challenge Itzuliaren laugarren edizinoaren aurkezpen ofiziala gure herrian egitea. Gainera, aurtengoa berezia da, lehen aldiz Eibartik kanpo egiten dalako, eta Bergarak hasierea eta amaierea hartzeko ohorea izango dauelako. Itzulia Basque Challenge daborduko finkatuta dagoan ekimena da. Parte-hartzaileek Itzuliko txirrindulari profesionalen esperientzia izan deien, gure herriak eta gure inguruko eragileek gogor lan egingo dogu.

Bestalde, Azahara Dominguez Mobikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputaduak nabarmendu dauenez: hitzordu polita da, Itzuliak daroan erakusleiho zoragarriaren ondoren, kirolari zaletuek lehen personan sentidu deien Gipuzkoan gauzak zelan egiten ditugun. Gainera, Itzulia Basque Challengeak turismo jasangarria sustatzen laguntzen dau, arduratsua, gure lurraldea jagoten dauena, bizimodu osasungarriak sustatzen dituana, ibilbide turistiko konbentzionaletatik kanpo eta urteko jarduera handieneko momentutik urrun dagoana eta, beraz, eskualdean eragin ekonomiko oso positiboa sortzen dauena. Laugarren edizinoari begira, ibilbidean segurtasunera bideratutako baliabideak indartuko dira eta hornidura puntuak ibilbide barrietara egokituko dira, parte-hartzaileentzat aurreikusitako euskarri kopuruari eutsiz.

Informazino gehiago eta izen-emotea hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu