Aste Santuko oporretan arazoak sortzen badira zelan jokatu?

Bizkaie! 2026-03-27 10:40   Pil-pilean

Dokumentetea oinarrizkoa da edozein erreklamazino egiteko.

Hemen dago Aste Santua,, milaka persona ibiliko dira hara eta hona baina ez da beti dana aurreikusitako moduan izaten, bertan behera itxitako erreserben kasuak, kontratautakoagaz bat ez datozen ostatuak edo ezusteko karguak EKA/ACUVera urtero heltzen diran konsulten parte dira.

Egoera honen aurrean, Euskal Konsumitzaileen Alkarteak oporretarako gida praktiko bat landu dau, hau da, arazo bat sortzen dan momentuan zelan jokatu zehaztuz.

Alkarteak erabiltzaileen dirua berreskuratzea edo eskubideak baieztatzea lortzeko asmoa dauka, ia beti, momentu horretan bertan jardun eta jazotakoaren konstantzia itxi dabenak, zehaztu dau Markel Etxebarriak, EKA/ACUVeko bozeroaileak.

Erreklamau aurretik, dokumentau

EKA/ACUVek antzemoten dauen ohiko akatsa izaten da etxera bueltau eta orduantxe egitea erreklamazinoa. Kasu askotan, oinarrizko frogak galtzea edo epeak iraungita egotea izatean dira arazo. Horregaitik, alkarteak dinoanez, lehenengo dokumentau eta gero erreklamau. Argazkiak, bideoak, pantaila-kapturak, mezu elektronikoak edo establezimenduakaz trukatutako mezuek erreklamazino bideragarri baten eta aurrera ez doanaren arteko aldea eragin leike.

Konsumoan, froga-zamea konsumitzaileari jagoko. Froga barik erreklametea askoz gatxagoa da, nabarmendu dau Etxebarriak.

Hotelean bertan jakinarazo arazoa

Ostatua kontratautakoagaz bat ez badator, zerbitzuan bakotasunak badagoz edo aurrez jakinarazo bako karguak agertzen badira, konsumitzaileak berehala jardun behar dau. EKA/ACUV erakundeak azpimarratu dauenez, establezimendu guztiek nahitaez euki behar dabe erreklamazino-orria eta hori ukatzeak, berez, arau-haustea da.

Era berean, ohartarazo dabe lapurreta kasuetan hotelak erantzukizunetik salbuesten daben ohiko kartelek ez dabela lege-baliorik, beraz, edozein gorabehera jakinarazo, salatu
eta idatziz konstantzia ixtea da onena.

Hegaldietan izan daitekezan gorabeherak aireportuan bertan salatu

Atzerapenak eta bertan behera itxitako hegaldiak oporretako gatazka-iturri nagusienetakoak dira. EKA/ACUV kolektiboak azpimarratu dau aireportuan bertan jardutea oinarrizkoa dala:
idatzizko informazinoa eskatu, gastuen egiaztagiriak gorde eta jakin behar dala kasu batzuetan 250 eta 600 euro arteko konpensazino ekonomikoa jasoteko eskubidea egoten dala.

Erreklamau daiteken diruaren zati handi bat momentu horretan jardun ez izateagaitik galtzen da, adierazo dau Markel Etxebarriak.

Opor-alokairuari jagokonez, ahalik eta arinen dokumentau

Ostatuaren aukera honetan iragarritakoaren eta heltzen garenean topetan dogun errealidadearen arteko gorabeherak gero eta ohikoagoak dira. Horregatik, EKA/ACUVek gomendatzen dau, heldu eta berehala, apartamentua goitik behera aztertzea eta maletea desegin aurretik be irregulartasun posibleak dokumentetea. Betebehar larrien kasuan, konsumitzaileak kontratua bertan behera itxi eta ordaindutako zenbatekoa berreskuratzeko eskubidea izan leike, betibere hori egiaztatu ahal bada.

Taberna eta jatetxeetan, jakinarazotakoa baino ezin da kobrau

Aurrez jakinarazo bako gainprezioak eta karguak be turismo handiko guneetan areagotu egiten dira aldi honeetan. Horregatik, EKA/ACUV erakundeak gogorarazoten dau kartan agertzen dana edo aurrez
jakinarazotakoa baino ezin dela kobrau, eta fakturea barrikustea eta beti tiketa frogatzat gordetea gomendatzen dabe.

Eskubideak ez dira etxean geratzen

Konsumitzaileen eskubideak oporren bitartean be indarrean jarraitzen dabe eta, beraz, herritarrei edozein gorabeheren aurrean azkar jarduteko eta enpresearen ezezkoa behin betikoa dala onartu ez deien animetan ditue.

Gozetea eta informauta egotea ez dira bateraezinak. Aldea askotan ez dago arazo bat sortu ala ez sortzearen artean, baizik eta sortzen danean zelan jokatzen dan, ondorioztatu dau Markel Etxebarriak, EKA/ACUVeko bozeroaileak.

Kontuak kontu, arazoren bat sortu bada zuon oporretan, jarri hartu-emonetan EKA/ACUVeko talde juridikoagaz eta erreklametan lagunduko zaitugu. Jarraibideak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu