Gerrako 530 ume identifikau ditue Durangaldean oraingoz
2026-03-26 09:07 KultureaZerrendak osotzeko herritarren laguntzea eskatu dabe.

1936ko golpe faxistearen eta osteko gerraren ondorioak asko izan ziran, erailketak, kartzelaratzeak, zigorrak, lapurretak, bonbardaketak... Frontea atzeraka etorri ahala, gerratik iges joan behar izan eben askok eta askok, bizitea salbetako helburuz.
Durangaldeko familia batzuek Bizkaiko probintzian bertan edo Kantabrian (Espainia) hartu eben babes aldi baterako; zenbaitek bidaia luzeagoa egin behar izan eben, beste estadu batzuetan erbesteratzeko. Orduko Eusko Jaurlaritzeak umeak babesteko ebakuazino plan berezia landu eta horren bidez milaka izan ziran Euskal Herritik erbestera joandakoak. Bada, gerrako ume deserriratu horreen memoria jasoteko asmoz, Durangaldean ikerketea jarri dabe martxan Gerediaga Alkarteak, Intxorta 1937 Kultur Alkarteak eta eskualdeko talde memorialistek. Durangon egin dabe jente-aurreko aurkezpena, lehen datuak eta aurrera begirako bidea eta datu esanguratsuak azaltzeko: 530 umek baino gehiagok Durangaldetik atzerrira iges egin behar izan eben 36ko gerrearen eraginez. Zerrendak osotzen jarraitzeko, herritarren laguntzea eskatu dabe atontzaileek.
Zerrendak gerediaga.eus webgunean dagoz ikusgai eta deskargetako moduan, herrika banatuta. Interesdunek bertan egin leikie konsultea, eta datu barriren bat eskaini gura badabe, Gerediaga Alkarteko komunikazino kanal honeek izango ditue eskura:
- Helbide elektronikoa: info@gerediaga.eus.
- Telefonoa: 688631081 (astelehenetik eguenera, 15:00-18:00)
Aurkezpenean, ikerketearen garrantzia nabarmendu dabe arduradunek: gerrako umeen memoriaren autortzea egin nahi dogu, hareek erbestean bizi izan ebena jasotea ezinbestekoa dalako gerra eta gerraostea ulertzeko, azaldu dau Goiatz Pelaez Gerediaga Alkarteko kideak.
Ikerketa prozesu sakon eta zabala
Gerrako umee gaia lantzen lan handia egin dau azken urteetan Intxorta 1937 Alkarteak. Gipuzkoan 10.000tik gora umeren zerrendea osotu dau. Ikerketea Durangaldean zabaltzeko nahia erakutsi eta Gerediaga Alkarteak koordinetako ardurea hartu eban. Gero, herrietako memorialistak batu ziran: Andikona 1936 (Otxandio), Berrizko memoria eta giza eskubideen taldea, Castet (Zaldibar), Durango 1936 eta Laumunarrieta (Elorrio).
Horreez gan, Birminghameko Unibersidadeko Memory as Transgenerational Care ikerketa taldea parte hartzen dabil prozesuan eta gerrako gaietan aditua dan Jimi Jiménez historialaria be badabil ikerlanean.
Intxorta 1937 Alkarteak oinarrizko zerrendea egin eban lehenengo eta azken hilabeteetan lan hori osotzen ibili dira gainerako alkarteetako kideak, artxiboak eta erroldak arakatzen, adibidez (ikusi zerrendea oharraren amaieran). Gainera, herriz herri norbanako batzuen laguntzea be izan dabe.
Hasierako datu esanguratsu batzuk
Euskal Herrian estadu espainiarraren barruan emondako migrazinoen kopurua hain handia izanik, ikerketea estadutik kanpo joandako 16 urtez azpiko umeetan zentrau dabe. Ondokoak dira datu esanguratsu batzuk:
- Danetara: 529 ume.
- Generoa: Emakumeak % 49,62 / Gizonak % 50,38.
*Iurreta Durangogaz anexionauta egoan garai haretan. Beraz, Durangoko zerrendan leitekeana da zenbait iurretar egotea. Momentuz, horreetako bost iurretar identifiketea lortu dabe ikerlariek. Bestalde, ez dabe Mallabiko izenik topau.
Destinoak:
Ume gehienak Frantziara joan ziran eta horreetako hainbatek handik migrau egin eben aurrerago.
Orain, herritarren ekarpenak
Barruko lanen fasea amaituta, orain kanpora begirakoari ekin deutse atontzaileek. Horregaitik, jentea-aurreko aurkezpena egitea izan da lehen pausua, izan be, orain arte batutako zerrendak ez dira behin-betikoak, eta bertan agertzen ez diran gerrako ume gehiago egongo dirala uste dabe. Hori argitzeko herritarren laguntzea eskatu dabe; senideren bat gerrako ume bezela atzerrian egon zala dakitenek ekarpena egin leikielako datozen asteetan.
Ikerketea egiteko iturriak ondokoak izan dira:
- EAH Euskadiko Artxibo Historikoa.
- CDMH Memoria Historikoaren Zentro Dokumentala.
- Archives Nationales de France,
- AGA Administrazinoaren Artxiko Generala.
- Basques Children.
- Alcala De Hernareseko Udal Artxiboa.
- Durangaldeko udaletako erroldak (1935 eta 1940).
- Gregorio Arrien (¡Salvad a los niños! Historia del Exilio Vasco en Gran
- Bretaña, 1937-1940).
- Alonso Cabrales (1937, los niños vascos evacuados a Francia y Bélgica).
- Ikerlariak: Gloria Campoy eta Collado Marc Mas Carrera eta Jimi Jimenez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
