Portuzarra oinezkoentzako aisialdia indartzeko topagune

Bizkaie! 2026-03-25 11:12   Kulturea

Martiaren 27tik trafikoa mugatuko da 13:00-18:00 bitartean.

Portuko Udal Kontseiluan mahaigaineratu eta bertan parte hartzen duten guztien adostasuna izan ostean, Bermeoko Udalak beste urrats bat emongo dau Portuzarra herritarren aisialdirako, topaketarako eta gozamen partekaturako espazio atseginago bihurtzeko bidean. Helburu horri eutsiz, eremu horretan ibilgailuen zirkulazinoa ordutegi jakin batean etetea erabagi da, herritarrek guneaz lasaitasun handiagoz ibilteko eta inguruneaz modu atseginagoan gozetako baldintzak indartuz.

Portuzarra Bermeorentzat balio handiko gunea da: itsasoari begira dagoan espazio edegia, herritarren eguneroko bizitzan gero eta presentzia handiagoa hartzen dagoana. Hori dala eta, udalaren ustez oinarrizkoa da espacio publikoaren kalidadea jagon eta bertako erabilera atsegina sustatzea, herritar guztiek baldintza egokietan gozetako aukerea izan deien. Neurri barriak martiaren 27tik aurrera jarriko dira indarrean, eta lehen fase honetan eremuaren sarrerea zarratuko da ordutegi jakin batean, trafiko arrunta ebitau edo desbideratu eta oinezkoen presentzia lehenesteko.

Noiz zarratuko da?

Martiaren 27tik apirilaren 12ra: egunero, 13:00-18:00 bitartean.
Aste Santuan, uda-sasoian (bagilaren 15etik irailaren 20ra), Gabon-sasoian (abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra) eta jaiegunetan: 13:00-18:00 bitartean.
Urteko asteburu guztietan: bariku, zapatu eta domeketan, 13:00-18:00 bitartean.

Azpimarratzekoa da ordutegi horretan portua erabat zarratuta egongo dala ibilgailuentzat, larrialdi-egoerak salbu. Ondorioz, ibilgailua portura sartzen duenak ordu bata baino lehen urten ezean, 18:00ak arte ezin izango dau bertatik mobidu. Ordutegi horretan ezingo da sarrerarik egin, salbuespenezko egoerak izan ezik.

Baimen bereziak eskatzea apirilaren 15etik aurrera

Neurria apurka-apurka ezarriko da. Lehenengo fasean hesiak erabiliko dira sarrerea kontroletako eta aurrerago kamera bidezko kontrol-sistemea ezartzea aurreikusten dau udalak, kudeaketa eraginkorragoa eta segurtasun handiagoa bermatzeko.

Era berean, trafikoa hobetzeko helburagaz, liburutegiaren aurrean biribilgune bat pintauko da, ibilgailuek modu errazago eta seguruagoan maniobrau ahal izan deien.

Aurrerago, hurrengo fasean, Portuzarreko eguneroko jarduereagaz eta bertako ohiko erabilerakaz lotura zuzena daben eragileentzat sarbide-baimen sistema bat ezarriko da, jarduera ekonomikoa eta auzoko bizimodua bermatzeko helburuagaz.

Holan, amarrautako ontzien erabiltzaile, lonjen jaube, jarduerak portuan egiten dituen kirol alkarte, ostalaritza-establezimendu eta gainerako negozioek eta inguruko bizilagunek, ibilgailuagaz sartzeko baimena eskatu ahal izango dabe. Kasu guztietan, baimendutako persona bakotxak, gehienez, ibilgailu biren matrikulak erregistrau ahal izango ditu, sarbidearen kontrola eta espazioaren erabilera arduratsua bermatzeko.

Interesdunek euren datuak eman beharko ditue apirilaren 15etik bagilaren 15era bitartean, Berhazen aurrez aurre edo udalaren egoitza elektronikoaren bidez, jagokon baimena kudeatu ahal izateko.
Halan da be, aurtengo Aste Santuko oporraldian ez da baimenik aplikauko eta, beraz, egun horreetan ez da salbuespenik egingo.

Bermeoko Udaleko alkate Nadia Nemeh Shomalyren eretxiz, neurri honek Portuzarraren izaerea indartuko dau, paseorako, egonaldirako eta hartu-emon sozialerako gune atsegin eta edegi lez. Espazio publikoaren erabilera orekatuagoa sustatzea da helnburua, bertan sortzen dan bizitza soziala aberastuz eta alkarbizitza baldintza egokiak bermatuz. Portuzarra gure herriarentzat balio handiko espazioa da eta danon artean jagon eta gozetako modukoa izatea nahi dogu.

Era berean, alkateak ondokoa nabarmendu dau: neurri hau probea da, bere eragina eta egokitasuna denporan zehar ebaluetako: asmoa da neurriaren eboluzinoa arretaz aztertzea eta herritarren erabilera-ohiturak kontuan hartzea, beharrezkoa balitx etorkizunean egokitzapenak egin ahal izateko. Helburua da Portuzarraren erabilerea guztiontzat egokia, orekatua eta iraunkorra izatea.

Neurri honen bidez Bermeoko Udalak bateragarri egin nahi ditu Portuzarraren erabilera anitzak, espazioaren izaerea jagonez eta bertan bizi, lan egin edo jarduten daben guztien beharrak kontuan hartuta. Helburua da Portuzarrak bere izaera edegi eta biziari eustea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu