Picassoren 'Guernica' Gernikara
2026-03-25 07:44 KultureaBilboko Guggenheim Museoan egongo litzateke 2026ko urriaren 1etik 2027ko bagilaren 30era.
Ibone Bengoetxea lehendakariordeak adierazo dauenez, Euskal Herriarentzat duintasun eta erreparazino keinua izango litzateke. Eusko Jaurlaritzeak Pablo Picassoren Guernica artelana Euskadira aldi baterako lekualdatzea eskatu deutso Espainiako Gobernuari, lehen Eusko Jaurlaritzearen osoketearen eta Gernikako bonbardaketearen 90. urteurrenen markoan.
Lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Ibone Bengoetxeak, eskaera hau berretsi deutso Ernest Urtasun Domenech Kultura Ministroari, Madrilen egindako batzarrean. Bertan azpimarratu dau keinu honek Euskal Herriarentzat esangura historiko, sinboliko eta emozional sakona izango leukela, baita duintasun eta erreparazino keinua izango litzatekela be.
Eskaera hau Imanol Pradales lehendakariak egindakoa da Espainiako Gobernuko presidenteari. Holan, artelana Bilboko Guggenheim Museora aldi baterako lekualdatzea planteau da, bederatzi hilabetez, zehatz, 2026ko urriaren 1etik 2027ko bagilaren 30era. Eusko Jaurlaritzearen ustez, keinu horrek balio sinboliko handia izango leuke, lehen Eusko Jaurlaritzearen sorrerearen eta Gernikako bonbardaketearen 90. urteurrenaren testuinguruan. Bengoetxea lehendakariordeak azpimarratu dau Guernica lekualdatzeak memoria historikoa indartzen eta, orainetik, demokraziaren, askatasunaren eta bizikidetzearen aldeko mezu argia zabaltzen lagunduko leukela.
Ganerakoan, ehendakariordeak zehaztu dauenez, bilerea eregiteko asmoz egindakoa izan da eta Euskadiren eta Espainiako Gobernuaren arteko aldebiko hartu-emonak sendotzea ahalbidetu dauela, eskumenak errespetauta eta erakundeen arteko koordinazinoa hobetzeko borondateagaz.
Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzeak lehentasunezko hainbat gai helarazo deutsoz ministroari: arteari aplikautako BEZa barrikusteko beharra, Europagaz lerrokatzeko eta sektorea indartzeko; Artistearen Estatutuaren aurrerapena, eremu horretan Euskadik dagoeneko hobekuntza fiskalak bultzatu baititu foru-aldundiakaz batera; eta Sestaoko Labe Garaia industria-ondarearen erreferente lez sendotzea, konpartidutako finantziazinorako konpromiso baten bidez. Era berean, Estaduaren eta autonomia-erkidegoen arteko kultura-politiken eta kudeaketa-mekanismoen koordinazinoa hobetzearen garrantzia azpimarratu da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
