Iñaki García Uribek 'Bizkaiko ermitak' hitzaldia emongo dau
2026-03-16 12:32 KultureaAma Lurra zikloaren barruan, martiaren 25ean Sabin Etxean.
Sabino Arana Fundazinoaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak hitzaldi zikloa jarri dau martxan: gureaz hausnartu eta gure ondarea jagoteko. Holan, Ama Lurra saila estreinauko dabe, gure inguruaren eta bertoko protagonisten arteko alkarrizketea sustatzeko gunea.
Lehenengo hitzaldia, Bizkaiko ermitak, martiaren 25ean izango da, Iñaki Garcia Uribe mendizale, etnografo eta Aranzadi Zientzia Alkarteko kidearen eskutik. Hitzaldian, Bizkaiko ermiten historia, arkitekturea eta garrantzi kulturala jorratuko da.
Garcia Uribek, euskal herri-kulturan aditua eta lurraldea ondo ezagutzen dauenak, begirada berezia eskainiko deutse entzuleei hainbat hamarkadatan egindako lanari esker: landa-lana, dokumentazinoa, argazkiak, mendizaletasuna eta hedabideetako dibulgazinoa. Hitzaldiak aukera aparta emongo dau mendeetan zehar Bizkaiko herri eta mendietako bizimoduaren lekuko izan diran eraikin txiki horreen balio historiko eta sinbolikoa ezagutzeko.
Sartzea doban da, aretoa bete arte. Ondarearen, tokiko historiaren, mendizaletasunaren edo euskal kulturearen inguruko interesa dauen personak dagoz konbidaduta.
Iñaki Garcia Uribe
Iñaki García Uribe mendizalea, etnografoa eta dibulgatzailea da. Gorbeia, gaztainaren kulturea, euskal mendizaletasunaren historia eta baseleizak edo ermitak ikertu ditu batez be. Hiru hamarkadatan baino denpora luzeagoan, euskal irrati eta telebista askotan parte hartu dau, baita dokumentaletan be. Sei liburu idatzi ditu eta aldizkarietan, egunkarietan eta plataforma digitaletan ibili du artikulugile. Bestalde, Deia egunkarian astero idazten dau Historias Montañeras saila.
Hitzaldi ugari emon ditu eta landa-jardueretan jardun dau gidari. Gainera, Gontzal Mendibil kantariagaz batera, Kontuak eta Kantuak Gorbeian musika eta literatura esparruko bikotea jorratu dau. Ugaoko Burdin Hesia alkarteko eta Udiarragako Ama Birjinaren kofradiako presidentea izan da, Aranzadi Zientzia Alkartean eta Aztarna Etnografia alkartean be gogo biziz dabil. Bizkaiko Ermiten Lagunak taldearen sortzailea izan zan eta hainbat sari jaso ditu ikerketa eta dibulgazino-lanagaitik, esaterako Ugaoko Udalaren Hemendik Saria, Euskal Mendizaletasunaren Lagunen Saria 2021ean eta 2022ko edizinoko Ixatxak Kultura Saria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
