Arima Soul zarauztarrak talde onenaren saria irabazi dau
2026-03-12 10:33 MusikeaEnlace Funk aldizkari espezializaduak urtero emoten dituan sari ospetsuak dira.
Espainiako soul, funk, R&B eta afroamerikar musikea egiten daben artisten lana autortzen dabe eta diskorik onena, abesti onena, talde onena, musika bideorik onena, lehen diskorik onena, abeslari onena eta DJ onena.
Aurten, Arima Soul euskal taldeak estadu espainiarreko talde onena saria jaso dau Madrilgo Café Berlinen egindako sari-banaketa ekitaldian.
Arima Soul 2020an Zarautzen sortutako proiektu musikala da, Mikel Unzurrunzaga Schmitzek, Makala edo DJ Makala bezela ezaguna dana Lidia Insausti abeslariagaz batera. Euren musika proposamenak soul, funk, R&B, disco eta jazz-groove lako estiloak nahasten ditu.
2025ean, Arima Soulek bere bigarren estudioko albuma kaleratu eban, Gaua, Lalo López musikari katalan emonkorrak (Fundación Tony Manero) produzidu ebana eta Jon Caffery soinu-injineru britainiarrak (Joy Division, Einstürzende Neubauten, Jingo De Lunch...) masterizauta The Old Winery entzutetsuan (Bruttig-Fankel, Alemania). Madrilgo Subterfuge Records diskoetxe ospetsuaren Música Para Un Guateque Sideral azpi-zigiluagaz kaleratu eben.
2023. urteko sariotan Lidia Insaustik Soul, Funk, R&B, Disco eta Jazz-Groove abeslari onenaren izentapena jaso ondoren, azken sari honek duda barik Arima Soul taldea egungo genero honetako euskal talde nagusi lez nabarmentzen dau.
Kontzertuak
- Arima Soul taldeak kontzertua emongo dau martiaren 13an, Iruñeko Laba Aretoan, 20:30ean. Sarrerak 10 euroan leihatilan / Aurretik eta bazkideentzat 8 euroan.
- Martiaren 15ean, Donostiako Baga Biga Faktorian, 19:00retan.

Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
