Durangaldeko txistulariak Abadiñon batuko dira
2026-03-12 08:21 MusikeaMartiaren 15ean kontzertua eskainiko dabe Probalekuan.
Martiaren 15ean, San Jose bezperan, 70. Durangaldeko Txistulari Eguna atondu dabe Abadiñon, izan be, 1956. urtean egin eben lehenengo txistulari eguna herri horretan. Juan Lasuen Zaldibartarrari, Zapaterueri, Alejandro Aldekoa handiaren txistu ikaslea zala, okurridu jakon.
Durangaldeko txistulariak batzea eta txistuaren gaineko zaletasuna indartzea zan Juan Lasuenen asmoa, eta, ordutik haren lekukoa hartuta, Durangaldeko herri guztietara hurreratzen dira urtero.
Abadiñoko lehen ekitaldian, 9 txistulari alkartu ziran. Atrilik ez egoanez, mutiko bik eusten zituen partiturak, bata otxandiarra zan.
Domekako kontzertuan 70 musikari eta artista inguru batuko dira Abadiñon. Horreen artean, ondoko honeek: Abadiñoko abesbatza, pianistea, klarinetea, Zornotzako Udagoien taldeko gaiteroak, Iñaki Leibar trikitrilaria, Bartolome Ertzilla Musika Eskolako txistulariak, metal seikotea eta Abadiñoko Talde Batuakeko jantzariak.
Atontzaileek ondokoa adierazo dabe: garaiak agintzen dauen aldaketei egokituta gagoz, hori bai, betiko lez txistua izango da protagonista. Seguru gagoz, Juan Lasuenek pozik ikusiko ebala berak sortutako egunaren ospakizuna.
Taldearen zuzendari, Eleder Iturrieta Durangarra izango da eta ondoko pieza honeek aukeratu ditu Abadiñoko probalekuan eskainiko daben kontzerturako:
- Zortziko anonimoa (Mold: Juanma Saez).
- Txatxamatxalinatxu (Herrikoia / Mikel Urdangarin).
- Muskerraren baltsa (Egilea: Kepa Junkera).
- Baldorba (Eg: Benito Lertxundi).
- En mi viejo San Juan (Mold: Xabier Zabala).
- Jantzari jantza (Herrikoia).
- Neska zaharrak (Eg: Urretxindorrak)
- Baltsen potpourria (Eg: Xabier Zabala).
- Aitormena (Eg: Josu Zabala).
- Goizalde biribilketa (Eg: Sabin Bikandi).
Ekitaldiari goizeko 09:30ean ekingo deutse kalejira bategaz eta 12:30ean kontzertua eskainiko dabe Probalekuan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
