Nuria López García gitarrista eta konpositoreak 'Órbitas' diskoa aurkeztuko dau
2026-03-11 11:12 MusikeaKantera Zikloa martiaren 13an eta 27an izango da sarrera libre eta dobakoagaz.
Emakume Artista eta Sortzailean Sareak (ESAS) III. Kantera Zikloa atondu dau, konpositoreei ikusgarritasuna emoteko eta talentu gaztea sustatzeko. Martian Kantera Zikloaren hirugarren edizinoa egingo da, ESAS – Emakume Sortzaile eta Artisten Sareak sustatutako ekimena, emakumeek sortutako obren interpretazinoa sustatzen dauena eta musika zentroetako ikasleak era aktiboan inpliketea nahi dauena. Kontzertuak BBK Kunan izango dira, doban.
Lehen jardunaldian Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Konserbatorioko ikasleek hartuko dabe parte eta Fanny Hensel eta Louise Farrenc konpositoreen obrak interpretauko ditue. Hana Yamazakik (pianistea) eta Isabel Ruizek (biolontxelistea) Fanny Henselen obra bat interpretauko dabe. Bestalde, Unai Delgadok (biolinistea), Carlo Bayangatek (biolontxelistea) eta Beñat Asuak (pianistea) Louise Farrencen obra bat eskainiko dabe.
Egun horretan bertan, publikoak Nuria López García gitarrista eta konpositoreak Órbitas proiektu diskografikoa aurkeztuko dau. Lan honek egungo konpositoreen lanak batzen ditu, artistearen berezko konposizinoakaz batera. Haren ikerketa eta lan pedagogikoaren parte lez, López Garcíak gitarra bakarrerako eta ganbera musikarako errepertorio barria eskainiko dau, bereziki konserbatorioetarak eta bere programetan sartu nahi daben ikasleentzat pensautakoa.
Martiaren 27an, Bilbao Musika Eskolako ikasleek parte hartuko dabe Serenatas programeagaz eta, holan, emakumez osotutako musikeari balioa emoteko zikloko proposamenagaz jarraituko dabe.
Kantera
2024an sortu eben proiektu pilotu bezela eta, lehen bi edizinoen erantzun bikainaren ondoren, prestakuntza, dibulgazinoa eta parte-hartze artistikoa buztartzen dituan kultur proposamen lez finkatu da. Helburua da emakumearen irudia musika klasikoan ikusarazo eta interprete gazteek beren programetan konpositoreen errepertorioa sartzea sustatzea.
Aurreko edizinoetan Barakaldoko Konserbatorioak, Bilbao Musikak eta Norai Alkarteak parte hartu dabe.
Musika-programazinoan desoreka historikoa zuzenduko daben kultura-espazioak sortzearen garrantzia nabarmendu dau Emakume Artista eta Sortzailean Sareak: Kanteragaz konpositoreen errepertorioa ikasleen eta profesionalen ohiko musika praktikearen parte izatea nahi dogu. Mendeetan zehar, sortzaile asko kontzertu-programetatik kanpo geratu dira, eta uste dogu oinarrizkoa dala hareen musikea berreskuratu eta zabaltzea.
Gauzak holan dirala, Kantera Zikloak musika klasikoa auzora hurbiltzen dauen programazino inklusiboagaz dauen konpromisoaga jarraitzen dau, talentu gaztea sustatu eta emakumeek musika sorkuntzan daben rol historiko eta garaikidea aotortzen dau: Musika klasikoa espazio tradizionaletatik atara eta auzoagaz eta publiko barriagaz konektau nahi dogu. Kantera hain ezagunak ez diran errepertorioak ezagutzeko eta emakumeen musika sorkuntzeari balioa emoteko konbita da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
