'Itzulera' lanak irabazi dau XXVI. Donostia Antzerki Saria
2026-02-18 08:15 KultureaMartiaren 27an jasoko dabe saria, Antzerkiaren Nazinoarteko Egunean.
Dejabu konpainiaren Itzulera lanak, talde batek Mexikora egindako bidaia kontetan dau. Epaimahaiaren eretxiz, obreak emoitza borobila lortzen dau, elementu eta lengoaia ugari erabiliz. Antzerkia eta zinemea buztartzen dituan road movie horretan, objektu eta bideoen erabilera oso originala da. Era berean, abestiak eta musikea be oso jorratuak dira eta ekarpen handia egiten deutsee antzezlanari. Lan osoa da, erritmo bizikoa, denporan eta lekuetan atzera-aurrera erraz egiten dauena, umorea erabiliz.
Argumentuari jagokonez, gai sakonak azaleratzen eta nabarmentzen dira. Holan, euskal sortzaileek bizi daben errealidadea ezagutaroten deuskue: antzerki konpainia baten krisia, dirulaguntzen afera, aurrera egiteko zaitasunak, sormena...
Dejabu Konpainiak 12.000 euro eta Nora Pilarte Galdona margolariaren lana jasoko ditu saritzat. Saria emoteko ekitaldia martiaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazinoarteko Egunean, 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokian. Saria emon ondoren, Itzulera antzezlan irabazlea eskainiko dabe.
Konbitak martiaren 25ean egongo dira eskuragarri Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan, goizeko 11:30etik aurrera.
Programazinoa
- Martiak 15 eta 16: Imanol Larzabal Aretoan (Lugaritz). Sarrerak agortuta.
- Maiatzak 10: Landetxe Kultur Aretoan (Oiartzun).
Fitxa artistikoa
- Idea eta zuzendaritzea: Dejabu Konpainia.
- Antzezleak: Ainara Gurrutxaga, Miren Alcalá, Urko Redondo eta David Aguilar.
- Zinegintza zuzenean: David Aguilar eta Zazpiterdi.
- Gidoia eta testuak: Ainara Gurrutxaga eta Dejabu Konpainia.
- Bidelaguntza artistikoa: Iara Solano.
- Gidoian bidelagun: Mariana de la Mata.
- Musikea: Ander Fernandez.
- Musika kolaborazinoak: Iban Urizar (Amorante) eta Ander Mujika.
- Eszenografia eta maketak: Dejabu Konpainia eta Urko Redondo.
- Jantziak: Barbara Rasso.
- Argi diseinua: Andoni Mendizabal.
- Teknikariak biran: Andoni Mendizabal, Josu Flores eta Hodei Garazabal.
- Mediazino eta kanpo begiradea: Oier Zuñiga.
- Burni-lana: Alvaro Ledesma.
- Miniaturak: Diah Setiawati
- Komunikazinoa eta grafikea: Rodriguez & Ndungmandun.
- Argazkiak: Renata Etanoswki.
- Off Ahotsak: Luis Alberto Rodriguez, Belacqua konpainia, Begoña del Teso eta EITB albistegiak.
- Banaketea: Artedrama eta Irantzu Azpeitia.
- Produkzino teknikoa: Dejabu Konpainia eta Miren Alcalá.
- Babesleak: Errenteriako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzea, Azala espazioa eta L´Animal centre de creació.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
