Travellin’ Brothers taldeak jasoko dau Bilbao Blues Festibaleko txapela

Bizkaie! 2026-02-17 13:03   Musikea

Sergio Pérez Berasategi da aurtengo kartelaren egilea.

Travellin’ Brothers | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbao Blues Festibala garagarrilaren 24tik 26ra izango da, betiko lez, doban. V. urteurrenean, jaialdiak Travellin’ Brothers talde bizkaitarraren ibilbidea autortuko dau, Bruselan 2015eko European Blues Challengeko irabazleak (Europako talde onena) eta Memphisen 2015eko International Blues Challengeko finalistak (munduko 8 onenak). 

Carlos Malles jaialdiko zuzendariak ondokoa azpimarratu dau: lehen euskal taldea konbertidu da txapela eskuratzen. Ilusinoa egiten deust taldeak sari hori jasoteak, gure ibilbideak bat eginda joan diralako.

Arenala izango da jaialdiaren agertoki nagusi. Aurton, formatu handiko kontzertuak barikuan eta zapatuan izango dira. Bestalde, Kioskoak goizeko kontzertuak hartuko ditu. 

Gainera, garagarrilaren 26an, Estaduko Volotea Blues Challengearen III. edizinoa egingo da. Beraz, egungo panoramako lau talde onenek European Blues Challenge lehiaketan parte-hartzeko plazea lortzeko lehian jardungo dabe, bluesaren nazinoarteko hitzordu garrantzitsuenean.

Kontxi Claver, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Enplegu eta Turismoko zinegotziak, adierazo dauenez: bluesaren esparruan nazinoarteko erreferente konbertidu gaituan jaialdi garrantzitsuaren edizino barria hartuko dogu aurten be. Oraingoan, gainera, Travellin’ Brothers taldeari egindako autortzea nabarmentzen dogu, guztiz merezidutako saria.

Birak Europan eta AEB-tan

Travellin’ Brothersek 1.300 kontzertu baino gehiago eta 11 disko kaleratu ditu. Europa osoko klub eta aretotan jo dau, ondoko honeetan besteak beste, BMC, Bluenile New Orleanseko Frenchmen Street, BB King Club, 152 Club, New Daisy Theatre( Memphiseko Beale Street mitikoan), Memphiseko Orpheum Theatre, Clarcksdale Mississippiko Reds Juke Joint, Continental Houston Club, Red brick Tavern Conroe eta Green Oaks Tavern Humble.

Kartela 

Sergio Pérez Berasategi da aurtengo kartelaren egilea: V. Bilbao Blues Festibaleko kartelak Bilboren eta bilbotarren eraldaketea irudikatzen dau. Atzeko planoan, Karola Garabiaren memoria industriala gaur egungo zerbitzu eta kultur uriko ikonoakaz kontrajarten da: Iberdrola Dorrea eta Euskalduna Jauregia. Blues generoaren sorreran izan zan ahalegin fisikoa eta gaur egungo uria eregiteko lan egin ebenen lana lotzen ditu. Diseinuak betiko kolore-paleteari eusten deutso, jaialdiaren irudiari jarraipena emoten. Kartelak nortasun bisual propioa dauka, gure ustez, daborduko sendotua.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu