Bernardo Atxaga eta Unai Elorriaga idazleak protagonista
2026-02-16 09:54 KultureaEztabaidak Literatureagaz XXI. Mendean, idazketearen sorkuntza prozesua ardatz.

Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturguneak Eztabaidak Literatureagaz XXI. Mendean programan beste hitzordu bat izango da, zezeilaren 17an, Sortu, idatzi eta abar izenburupean, Bernardo Atxaga eta Unai Elorriaga idazleek hartuko dabe parte barriketaldian, Ilaski Serrano Urkidi kazetariaren moderazinoagaz.
Literatur topaketa Bidebarrietako Liburutegian izango da, 19:00retatik aurrera. Sartzea doban izango da eta Bidebarrieta Kulturguneko YouTube kanaletik streaming bidez eskainiko da.
Egile biek euskal literatureari buruz berba egingo dabe, biek lagundu baitabe nazinoartean ezagutarazoten. Barriketaldian euren lanen sortze prozesuak be jorratuko ditue, zertan inspiretan diran idazten hasteko eta jarraitzeko dituen motibazinoak, zertarako eta norentzat sortzen daben, zer dan eurentzat idaztea, eta literatur ibilbidean euren obrak izandako bilakaeraz, besteak beste.
Bernardo Atxaga
Garai guztietako euskal literaturako personaiarik nabarmenetakoa da. Nazinoartean ezagunena eta irakurriena dan euskal idazleak 32 hizkuntza baino gehiagotara itzuli da bere lana. Haren libururik unibersalena, Obabakoak, 1988an argitaratua, uniberso propio bat sortzeko balio izan dau eta euskal literaturea modernizau eta globalizetako gako bihurtu zan.
Eleberria, poesia, ume-literatura... hainbat generotan ibili da bere ibilbide literario luzean. Euskaltzaindiako kidea, euskal idazlerik sarituena da (Letren Sari Nazionala, Euskadi Literatura Saria, Cesare Pavese Poesia Saria, Arte Eszenikoen Max Saria, Liber 2021 Saria...), eta egungo euskal literaturea ulertzeko ezinbesteko egilea.
Unai Elorriaga
Filologoa, irakaslea, itzultzailea, Unai Elorriaga da gaur egungo euskal literaturako ahots garrantzitsuenetako bat. Getxotarraren eleberri ezagun eta sarituez gan, umeentzako literaturea, saiakerak, antzerkia eta komikiak idatzi ditu. Haren lana euskeraz sortu da eta hainbat hizkuntzatan irakurri daiteke.
Elorriagak bere literatur ibilbidearen hasieratik sari garrantzitsuak irabazi ditu, besteak beste, 2002ko Narratibako Sari Nazionala SPrako Tranbia bere lehen eleberriagaz. Jaso dauen azken saria da Euskadi Literatura Saria Francesco Pasqualeren bosgarren arima eleberriagaitik. Algortako idazlea egungo euskal literaturako ahots berezienetakotzat joten da, eregi dauen mundu literario berezi eta konplejuari esker.
Ilaski Serrano Urkidi kazetari, lokutore eta aurkezlea da. Irrati eta telebista-saio ugaritan lan egin dau: musikalak, umeentzakoak, entretenimendukoak, alkarrizketetakoak, kulturalak..., besteak beste, Mihiluze lehiaketan (ETB1), pantaila txikiko personaia ezagun bihurtu dauena.
Bidebarrieta Kulturgunea Bidebarrietako Liburutegiak kulturea zabaltzeko dauen gunea da. Helburu ditu liburuen artean literaturea, ezagutzak eta dibulgazino zientifikoa sustatzea eta helburu horreek Bilboko 2023-2033 Kultura Plan Estrategikoan kokatzen dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
