Idazle hasibarrien lana bultzatzeko bekea eta mentoretza-programea sortuko ditue

Bizkaie! 2026-02-12 12:32   Kulturea

Lau urterako lankidetza-hitzarmena sinatu dabe EIEk eta Euskaltzaindiak.

Miren Agur Meabe, Andres Urrutia eta Mikel Ayllon. | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Idazleen Elkarteak eta Euskaltzaindiak lau urterako lankidetza-hitzarmena sinatu dabe gaur, Akademiaren egoitzan egindako ekitaldian. Erakundeon bien arteko alkarlanak euskerearen eta euskal kulturearen garapena izango ditu jomuga. Horretarako, egitasmoak konpartiduteko konpromisoa hartzen dabe euskerea jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazinoan eta sentiberatzean.

Ekitaldian, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Miren Agur Meabe idazle eta Euskaltzaindiaren idazkariak eta Mikel Ayllon idazle eta EIEko zuzendaritza batzordekideak parte hartu dabe: Akademiak berebiziko garrantzia emoten deutso EIEren aholkuak erabilteari, adibidez, gaztetxoentzako tutoretzak bideratu edota idazle barrientzako bekak diseinetako orduan, beti be literatura garaikideagazko estimazinoak bultzatuta, adierazo dau Miren Agur Meabek: etxe biak ateak zabalik nahi ditugu batak bestearentzat, urte luzetako esperientzia eta ikuspegi praktikoa buztartuz, gela barriak sortzeko gure kulturea eregiteko, gaineratu dau Akademiako idazkariak. Bere aldetik, Andres Urrutiak esan dau akordioa estrategikoa dala Akademiarako eta R. M. Azkue Literatura Sariak aitatu ditu: erabili daigun hitzarmen barri hau, besteak beste, 1975etik BBKren babesagaz atontzen dogun R. M. Azkue sariei bultzada barri bat emoteko.

Azkenik, Mikel Ayllonek alkarlana sustatzeko deia egin dau: bizi dogun garai honetan, garrantzitsua izateaz gan, oinarrizkoa be bada gure literaturearen eta gure kulturearen birikea dan euskerea hauspotzeko alkarlana sustatzea. Horregaitik, alkarri eskutik helduta bidean aurrera egiteko konpromisoa berretsi dogu gaur. Gure eguneroko lanean sortzen ditugun baliabideak alkarren eskura jarteaz gan, ekimen barriak jarriko ditugu martxan, gero eta jente gehiago erakarteko euskerearen eta literaturearen mundura. Indar berezia egingo dogu gazteen esparruan, gure hizkuntzan idazteko pasinoa biztuteko helburuz.

Hona hemen akordioaren bidez 2026an landuko diran egitasmo nagusiak:

  • Prestakuntzearen eremuan: Euskaltzaindiak batasun bidean emon eta emoten dituan arauak gizarteratzeko eta zabaltzeko asmoz, prestakuntzea eskainiko deutsee EIEren bazkideei. Esangura horretan, 2026. urtean ikastaro bi atonduko dira, bata, udabarrian eta, bestea, udagoienean.
  • Sorkuntzearen eremuan: 2026. urtean, Idazle gazteen ibilbidea sustatzeko beka-deialdia sortu eta martxan jarriko dabe.
  • Sustapenaren eremuan: idazle hasibarrien lana bultzatzeko asmoz, mentoretza-programea sortuko dabe. R.M. Azkue eta Urruzuno literatura sarietako irabazleek izango dabe lehentasuna.
  • 2026. urtean, Euskaltzaindiak Hegats aldizkaria katalogau, digitalizau eta bi erakunde bien webguneen bidez gizartearen esku jarteko konpromisoa hartzen dau.
  • 2026. urtean, Hegats aldizkaria eta www.idazleak.eus-en argitaratutako zutabeetako testuak Euskararen Erreferentzia Corpusean jasoko dira.

Bestelakoak be jasoten ditu hitzarmenak. Holan, EIEk Euskaltzaindiari egingo deutsoz gramatika, lexikografia, ortografia, onomastika eta euskalkien erabilerearen inguruko konsultak eta iradokizunak eta Euskaltzaindiak konsulta horreei erantzuna eman edota bideratuko ditu. Edozelan be, holakoetan teknologia barrien erabilerea sustatuko da, ikusgarritasuna eta erabiltzaile potentzialei erraztasunak emotearren. Azkenik, erakunde biek publiketan dituen argitalpenak alkarren artean trukatzeko konpromisoa hartzen dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu