'Zientzian sartzeko bide bat baino gehiago dago'
2026-02-12 09:51 KultureaGazteentzat erreferente izan daitekezan emakume zientzialariak ikusarazoten.
Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dala eta, Leartibai Fundazinoak jardunaldi berezia atondu dau Lea-Artibai eskualdean bizi diran edota lan egiten daben emakume zientzialariakaz.
Mahaingurua Kooperatiben Mahaia Alkarteak Leartibai Fundazinoagaz batera martxan dauen Talentatu programearen barran kokatzen da eta bokazino zientifikoak sustatzea eta emakume erreferenteak gazteei gerturatzea dau helburu. Lau emakume bertaratu dira Lea-Artibai Barrikuntza Gunean (Markina-Xemein) egindako saiora: Maite Tellaetxea, gernikarra; Aizeti Burgoa, ondarrutarra; Yoana Armaolea, markina-xemeindarra; eta, Nerea Aldazabal, berriatuarra. Profil profesional ezbardinetako emakumeak laurak; Maite, Service-eko teknikaria Burdinolan; Aizeti, modelizazino termomekanikoko teknologiaren arduraduna Leartikerren, Yoana, produktuen garapeneko injineruaa Maier Technology Centren; eta, Nerea, materialen teknikaria Cikateken (Cikautxo).
Topaketan inguruko hainbat ikastetxetako ikasleek parte hartu dabe: Busturialdeko Urritxe, Barrutialde eta BermeoBHI, eta Lea-Artibai eskualdeko Zubi Zahar, LekeitioBHI eta Berakruz. Ikastetxe bakotxeko 3-4 ordezkari bertaratu dira mahaingurura eta gainerako ikaskideek online jarraitu dabe saioa.
Aurreretxiak gaindituz, zientziara heltzeko bide-aniztasuna balioan jarriz bakotxak bere ibilbide akademiko eta profesionala aurkeztu ondoren, ikasleek lekukoa hartu eta gonbidatuentzako prestautako galderei erantzunez barriketaldi ederra egin dabe. Zientzian sartzeko bide bat baino gehiago dagoala azpimarratu dabe, izan be, batzuek bokazinoa gaztetatik argi izan arren, beste batzuek ibilbide ezbardinak egin ondoren topau dabe beren lekua arlo zientifikoan eta teknologikoan. Era berean, zientzia eta teknologiaren inguruko aurreretxiak apurtzearen garrantzia nabarmendu eta ikasleek benetan gustuko ikasketak egiteko animau ditue.
Lanerako jarrerea, ahalegina eta norberarengan konfidantzea izatea oinarrizko balio lez azpimarratu ditue, etorkizuneko erronkei aurre egiteko ezinbesteko tresnak diralako. Ekimen honen bidez, Kooperatiben Mahaia Alkarteak eta Lea Artibai Fundazinoak emakumeek zientzian daben presentzia eta ekarpena ikusarazoteko eta belaunaldi barrien artean bokazino zientifikoak sustatzeko konpromisoa berretsi dau.
Talentatu
2008. urtean sortu zan. Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Markina-Xemeingo Laboral Kutxa eta Maier kooperatibek osotzen dabe Kooperatiben Mahaia Alkartea. Leartibai Fundazinoak dinamizetan dauen mahai honek 2017an Talentatu izeneko proiektuari ekin eutson eskualdeko eraldaketa sozialerako proiektuak alkarlanean gauzatzeko. Gaur egun, ZTIM bokazinoak sustatzeko eta talentua sortu, horri eutsi eta erakarteko asmoz, 18 ikastetxetako 1.300 ikasle baino gehiagok parte hartzen dabe jardueretan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
