Bermeo prest dago mozorro, musika eta kolorez jantzi eta kaleak beteteko

Bizkaie! 2026-02-11 13:43   Kulturea

Barikuan hasi eta 21era edade guztietarako egitarau potoloa izango da.

Ekitaldiak posible egiteko, oinarrizkoa izan da herriko talde, alkarte eta ikastetxeen lana, eta horreen guztien lana eskertu dau Endika Etxebarria Telleria cultura zinegotziak. Gaur emondako
prentsaurrekoan hainbat eragile izan dira, alkarlan horren erakusgarri.

Zezeilak 13

Barikuan, Kanta Kanta Lorueko kantuzaleek ekingo deutse Aratusteetako egitarauari: iluntzeko 20:00etan, Goiko plazan hasi eta herritarrei dei egingo jake kalera mozorrotuta urtetako eta eztarriak ondo finduta, Aratuste barikua kantuz eta giro onez ospatzeko.

Zezeilak 14

Zapatuan, umeentzako tailerra egingo da Arrantzaleen Museoan, 11:30etik 13:00era. 4 eta 12 urte bitarteko umeek itsasoko altxorretan oinarritutako mozorro eta maskarak sortuko ditue. Jarduerak euro bateko prezioa izango dau eta aldez aurretik erreserbea egitea beharrezkoa da. Egun berean, Lantzeko Inauteriak ibiliko dira kalerik kalera. Kalejirea 12:30ean hasiko da Gizarte eta Kultura Etxetik eta geldialdiak egingo dira Sancti Spiritus zaharren egoitzan, Goiko plazan eta Taraskan, Lameran amaitzeko.

Aurten, gainera, Alkartasuna Dantza Taldearen 50. urteurrena dala eta, egun osoko egitarau berezia prestau dabe. Kalejirearen ondoren, 15:00etan herri bazkaria egingo dabe frontoian; 18:00etan, erromeria Begibidegaz; eta, jarraian, MJ Pepiñotan arduratuko da musikaz, jaiari jarraipena emonez. Zapatuan bertan, Coro Maikaren Aratusteetako kalejirea be izango da, eguerdiko 12:30ean Goiko plazan hasita.

Zezeilak 16

Astelehenean, Demiku jubilatuen alkartean egingo da tostada eta mozorro txapelketea, 17:30ean hasita. Egunean bertan izena emon ahal izango da eta tostada eta mozorro onenentzat sariak banatuko ditue.

Zezeilak 17

Aratusteetako egunik garrantzitsuena martitzena da gurean. Bermeon, tradizinoz, egun hori da Aratusteetako ardatz nagusia. Goizetik eguerdira bitartean, herriko ikastetxeetako ikasleak izango dira protagonista eta kalejira erraldoia egingo dabe herriko kaleetan zehar. Aurten, ikastetxeek zinema edo filmak gaia aukeratu dabe mozorrotzeko; eta beraz, ikasleak pelikula edo filmeetako personaiez mozorrotuta urtengo dabe kalera. Kalejirea 11:00etan hasiko da Atalde kalean eta Lameraraino joango da. Kalejirea amaitu ondoren, ikasleek edadearen araberako jarduerak izango ditue. HHko ikasleak Artza frontoian batuko dira Zapotxin pailazoaren ikuskizunagaz ondo pasetako. LHko txikienak Eidabe! taldearen

Tabernen Mozorro Txapelketea

Martitzenean bertan egingo da Tabernen XXIII. Mozorro Txapelketea. Kultura zinegotziaren esanetan, ekimen hau herria eta herritarrak animetan laguntzeko modu bat da. Gaur arte, 10 tabernek emon dabe izena, eta izen-emotea barikuko (zezeilak 13) 12:00ak arte zabalik dago Kultura eta Hezkuntza Sailaren bulegoan, telefonoz (94 617 91 57) edo posta elektronikoz (kultura@bermeo.eus). Izen-emotea amaitzean, parte- hartzaile danakaz mapa bat egingo da, eta Bermeoko Udalaren sareetan zabalduko da. Irabazleak Aratuste martitzenean bertan jakinarazoko dira, epaimahaiak taberna guztiak bisitau ondoren. Kultura zinegotziak nabarmendu dauenez, epaimahaia El Despiste fanfarreagaz ibiliko da tabernaz taberna, eta herritar guztiak gonbidetan ditu parte hartu deien.

Aratuste martitzenean bertan, Erroxapeko Martxako emakumeek kalejirea egingo dabe 12:30ean hasita eta 13:00ean, Lameran, Ross Dantza Eskolearen ekitaldia izango da. Arratsaldean, 17:00etan, Disko Txiki Festa egingo da Lameran eta, euria egin ezkero, Bermeoko Herri Eskolako karpan. Era berean, Erroxape Emakumeen Alkarteak atonduta, IV. Tostada Lehiaketea egingo da Erroxaperen lokalean. Tostadak 18:00etatik 18:30era bitartean aurkeztu ahal izango dira, eta ogizko zein ahizko tostadak onartuko dira.

Aratusteak zezeilaren 21ean, zapatuan, amaituko dira Spookypheria Productions alkarteak atontzen dauen Vade Retro Party jaialdiagaz. Unholy Covers taldea eta DC Data izango dira Bermeoko Kafe Antzokian, 19:30ean hasita. Aurten, jaialdia ordu bi lehenago hasiko da eta atontzaileek herritarrei ordutegi-aldaketa gogoan izateko eskatu deutsee. Sarrerak 12 euroan dagoz salgai aurretiaz Luma Liburudendan eta Bermeoko Kafe Antzokian, eta 15 euroan, egunean bertan leihatilan, gelditzen baldin badira.

Amaitzeko, kultura zinegotziak eskerrak emon deutsee egitaraua atontzen lagundu daben guztiei, eta herritarrak animau ditu Aratusteetako ekimenetan parte hartzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu