Mondragon Unibersidadeak jardueraz betetako zezeila dakar

Bizkaie! 2026-02-10 13:51   Kulturea

50. urteurrenaren harian.

Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadea 50. urteurrena ospatzen dabil ikasturte honetan eta, helburu horregaz, urte osoko programea atondu dau, eskaintza akademikoan eta ikerketa-jardueran lantzen diran arloen arabera. Horren harian, zezeilerako jarduerek kulturea izango dabe gai nagusi.

Ekitaldi nagusia Euskal kultura gaur eta bihar jardunaldiaren laugarren edizinoa izango da; Aretxabaletako Campuseko IdeiEnea eraikinean egingo da, zezeilarenn 25ean eta 26an. Topaketearen helburua da euskal kulturearen egungo egoeraz eta erronkez hausnartzea, besteak beste, euskal kultureak hezkuntzan dauen egoeraz eta kultura eta sormen industrien erronkez.

Euskal Kulturearen Eragiletzako masterra egin daben hainbat ikaslek hartuko dabe parte jardunaldietan, master-amaierako lanetan egindako ikerketen emoitzak aurkezteko. Masterraren helburua da hainbat arlotan lan egiteko prestauta egongo diran kultura-eragileak heztea. Gainera, ikasturtearen hasieratik, Mondragon Unibersidadeak Kultur eta Sormen Industrietako gradua be jarri dau marxan, sektore horretan prestakuntza espezifikoa daben profesionalak hezteko.

Jardunaldia edegia eta doakoa da, baina interesa dabenek aldez aurretik emon beharko dabe izena, zezeilaren 20a baino lehen. Izen-emotea egun bietarako zein egun bakarrerako egin daiteke.

Zezeileko jarduerak

Danetara, lau jarduera atondu ditu Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeak zezeilerako, eta Eskoriatzako eta Aretxabaletako hainbat gunetan egingo dira:

  • Momotxorroak. Kaos baten istorioa dokumentalaren proiekzinoa, zezeilaren 11n, arratsaldeko 18:30ean, Eskoriatzako Zaldibar Antzokian. 
  • Itzulera, Dejabu konpainia; zezeilaren 12an, iluntzeko 19:00retan, Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxean.
  • Jon Basaguren, kontzertu akustikoa, zezeilaren 17an, goizeko 11:00etan, Eskoriatzako Campusean.
  • Euskal kultura gaur eta bihar Jardunaldia, zezeilaren 25ean eta 26an, IdeiEnean (Aretxabaletako Campusean).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu