4.000 urteko bisonte baten eskeletoa topau dabe Urbasan

Bizkaie! 2026-02-10 10:14   Kulturea

Topakuntzeak, Nafarroako ondare paleontologikoaren garrantzia azpimarratzen dau.

Nafarroako buru María Chivite Navascuesek eta Kultura, Kirol eta Turismo kontsejari Rebeca Esnaola Bermejok orain 4.000 urteko bisonte baten hazurdura ia osoaren hondakinak aurkeztu ditue. Topakuntzea, Arrafela leizean egin zan, Urbasa eta Andiako Parke Naturalaren barruan, Kulturako Zuzendaritza Nagusiak (Vianako Printzea Erakundeak) sustatutako esku-hartzearen esparruan. Horrezaz gan, Euskal Herriko Unibersidadeko eta Madrilgo Historia Naturalaren Museoko zientzialariek parte-hartzen dabe, baita Espainiako eta nazinoarteko erakundeek be.

Bisonte ia osoa da (erradiokarbonoz datautakoa) eta saihetsen artean kobrezko gezi puntea dau. Horrek Kalkolitoaren amaieran kokatzen dau topakuntzearen testuingurua: orain dala 4.000 urte inguru. Leitekeena da bisonte europarra izatea, DNA analisien bidez baieztatu barik dagoan datua. Edozelan be, topakuntzea bakarra da Iberiar Peninsulan, izan be, bisonte europar baten errastuak dirala baieztatu ezkero, bisonte mueta horren lehen ebidentzia izango litzateke peninsulan.

Ikerketea 2024an hasi zan, ikertzaileek egiaztau ondoren hondakinak ez zirala bobido arruntarenak. Halanda ze, 2025eko urrian berreskuratu ziran hondakinen inguruko lanak.

Esku-hartze eta leize berean hatx-zuloetako lehoi baten hondakinak topau dira (Panthera spelaea), orain 12.000 urte inguru desagertutako espeziea, Nafarroan dokumentautako hirugarrena (Abauntz eta Koskobilo aztarnategien ondoren). Gainera, lira oilar baten eta harrapari baten errastuak be topau dira, Nafarroako Historiaurreko faunearen ezagutzea zabaltzen dabenak.

Aurkezpenean, María Chivitek ondoko adierazo dau: arkeologiak azken urteetan emoten deuskuzan ezustekoak sekulakoak dira; Loizuko Gizakia, Irulegiren Eskua eta orain bisonte eskeleto ikusgarri hau, oso ondo konserbauta. Gainera, horreei esker, klimeari eta haren aldaketei buruz gehiago dakigu. Joandako denporak hobeto ezagutzen doguz eta hori beharrezkoa da etorkizuneko estrategiak planteetako.

Bestalde, Esnaola kontsejariak azpimarratu dauenez: Nafarroako ondare paleontologikoaren garrantzia azpimarratzen dau barriro eta Kultura Zuzendaritza Nagusiak (Vianako Printzea Erakundeak) sustatutako beste esku-hartze batzuekaz bat egiten dau, esaterako, Lantzen (Loizu) egindakoakaz.

Aurkezpenean, ondoko honeek be parte hartu dabe: Jon Umerez (Euskal Herriko Unibersidadeko Ikerketako errektoreordea) eta Ignacio Apeztegui (Kulturako zuzendari nagusia). 

Ikusi aurkezpen bideoa hemen.

Toakuntzearen garrantzia 

Hazurren azterketa morfologikoari esker, fosilak bisonte bategaz (Bison generoa) lotu ahal izan dira. Atariko azterketa metrikoaren arabera, Arrafelako leizean berreskuratutako bisontearen neurria Europako bisontearen (Bison bonasus) antzekoa da. Eskeleto hori estepako bisonte fosilak (Bison priscus) baino txikiagoa da; espezie hori orain dala 9.000 urte inguru desagertu zan Eurasian. Europako bisontea dala zehazten dauen hipotesia testetako eta beste hipotesi batzuk baztertzeko, analisi genetikoak egiten dabiz. Europako bisontea dala baieztu ezkero, iberiar peninsulan Europako bisontea bizi izanaren lehen ebidentzia izango litzateke.

Europako bisontearen eboluzino-jatorria ez da oso ezaguna. Ikerketa genetiko barrien arabera, Europako bisontearen (B. bonasus) jatorria estepa bisonteen (B. priscus) populazinoaren eta uroaren (Bos primigenius: etxeko behi-aziendaren arbasoa) arteko hibridazinoagaz lotuta dago. 

Egindako lanak 

2025eko urriaren 24tik 26rako asteburuan, esku-hartze paleontologikoa egin zan, Arrafelako leizean (Urbasa-Andiako mendilerroa) bisontearen eskeleto ia osoa, partzialki artikulatua, berreskuratzeko. Teknika espeologikoak erabili behar izan zituen.

Orain arte, laborategiko hainbat lan egin dira: hazurrak garbitzeaz gan, inbentarioa egin da eta bisontearen azterketa metrikoa egiten hasi dira. Gainera, laginak hartu dira banako horreen azterketa genetikorako eta jaten ebana aztertzeko. Modu horretan, diziplina anitzeko azterketak jarri dira martxan, hondakin fosil bikain horreen zehetasunak aztertu ahal izateko. 

Martxan dagozan lanak 

Arrafelako leizean berreskuratutako hondakin arkeo-paleontologikoen ikerketa-lanak Jesus Garcia Gazolaz arkeologoak (Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundea) eta Asier Gomez Olivencia paleontologoak (Euskal Herriko Unibersidadea) koordinetan ditue.

Bisontearen, lehoiaren eta hegaztien errastuak Cordovillako Funts Arkeologikoetan eta Euskal Herriko Unibersidadean aztertuko dira. Ikerketa-taldeak laginak hartu ditu hainbat laborategitara eroateko: Vienako Unibersidadea, DNA zaharraren kasuan eta Kantabriako Unibersidadea, paleo-dietarako isotopoen kasuan. 

Hondakin fosil batzuk oso hauskorrak diranez, zaharbarritu egin behar dira, azterketea osotu aurretik.

Bisontearen gaineko zehetasun-azterketea CSIC-Natur Zientzien Museoko Jan van der Made paleontologo ospetsua egiten dabil, izan be, Europa osoko hainbat aztarnategitako bisonteak aztertu ditu.

Bisontearen buruhazurra 3D formatuan egingo da. Lan hori, Nafarroako Mikel Arlegi paleontologoak koordinauko dau.

Animaliaren heriotzeari buruzko zehetasun gehiago jakiteko, azterketa tafonomikoa egingo dau Antonio Rodriguez-Hidalgo arkeologoak, aztarnategi askotako bisonteen kazea aztertu dau-eta, esaterako, Atapuercako Dolina Handiaren aztarnategian. 

Animaliaren biologiaren beste alderdi batzuk (adibidez, patologiak izatea) aztertzeko lanak Asier Gomezek koordinauko ditu eta gezi-puntearen azterketea, barriz, Jesus Garcia Gazolazek. 

Lehoiaren azterketa Alvar Manjon Garciaren doktore-tesian sartzen da, Monica Villalbak, Asier Gomezek eta Jose Angel Peñak zuzendua EHUn.

Azterketa guztiak egiteko hilabete batzuk beharko dira (6 eta 12 hilabete artean).

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu