'Denise Scott Brown. Hiria. Kalea. Etxea' erakusketea Bilbon

Bizkaie! 2026-02-10 09:17   Kulturea

Arte Ederretako Museoan 2026ko zezeilaren 11tik maiatzaren 31ra.

Denise Scott Brown Filadelfiako bere etxean (2025). Erretratua: Lynn Gilbert. | Ikusi handiago | Argazki originala

Denise Scott Brown (Zambia, 1931) XX. mendeko bigarren erdialdeko arkitektorik garrantzitsuenetakoa da. Johannesburgen graduau ondoren, Londresen eta Filadelfian egin zituan ikasketak; han, Robert Venturi ezagutu (1925-2018), eta haregaz konpartidu eban bere bizitza eta ibilbide profesionala. Haren lan garrantzitsuenetako bat Learning from Las Vegas (1972) da, Venturi eta Steven Izenourregaz batera egindako saiakera kritikoa, amerikar kultura bisual herrikoia eta autoz egindako desplazamendua proiektu arkitektonikoan txertatzen dituana.

Erakusketea Espainian arkitektureari eskainitako lehenengo atzera begirako handia izango da eta Scott Brownen figureari erreparetan deutson nazioarteko bakarrenetakoa. María Pía Fontana eta Miguel Mayorga arkitektoek komisariau eben eta hiru ataletan egituratuta –uria, kalea, etxea–, Scott Brownek eta haren laguntzaileek egindako jatorrizko ehun lan baino gehiago erakutsiko dira lehen aldiz (marrazkiak, argazkiak, kartelak, altzariak eta maketak), hareen proiektuek kultura bisual garaikideari egindako upealako ekarpena aurkezteko (Ed Ruscha, Roy Lichenstein, Andy Warhol…).

Denise Scott Brownen ahotsak presentzia izango dau aretoetan, museoak 2024ko udabarrian Filadelfiako haren etxean egindako alkarrizketa eta grabazino batzuen bidez produzidutako dokumental bati esker. 21 Structures on Wissahickon Lane Manuel Asínek eta Pablo García Cangak zuzendutako 30 minutuko film dokumentala, hain zuzen be. Scott Brownen gogoetak jasoten dira lan horretan, Filadelfiako bere etxeko irudiakaz batera. Filma arkitektoaren etxeak eta bere berbek osotutako erretratu bikotxa da, haren pentsamendua formaz eta edukiz erakusten dauena. Ibrahim Abdullah jazz-pianista hegoafrikarraren musikeagaz, Mikel Azpirozek interpretau eta moldatutakoa. Arte Ederretako Bilboko Museoak produzidu dau erakusketarako, eta Petronorrek babestu.

Hainbat urtez, Denise Scott Brownen lana ez da behar bezela autortu eta bazkide eta senarraren itzalean geratu da.

Berbaldiak

Berbaldiok arkitektura garaikideko irudi adierazgarrienetakoa dabe ardatz, Denise Scott Brown (1931), eta artistearen ibilbide oparoan sakontzea da haren asmoa.

Zikloan artistearen lan nagusiak, gogoetak eta azterketa-kasuak, ibilbidea –pertsonala eta profesionala, alkarri lotuak, duda barik– eta arkitektura modernoan eta garaikidean itxitako legadu esanguratsua.

  • 2026ko zezeilak 11, eguerdiko 12:00etan.

Aunt Corbu: Denise before Las Vegas (La tía Corbu). Hizlariak: Shilpa Mehta eta Lynn Gilbert.

  • 2026ko zezeilak 20, arratsaldeko 18:30ean.

Encuentros paralelos. Hizlaria: Tatiana Bilbao.

  • 2026ko martiak 10, arratsaldeko 18:30ean.

Coleccionismo ambiguo: lo ordinario en Denise y el ahora. Hizlariak: Ane Arce eta Iñigo Berastegui (BeAR Arquitectos).

  • 2026ko martiak 24, arratsaldeko 18:30ean.

He estado en el infierno y me ha gustado. Hizlaria: Xavier Monteys.

  • 2026ko apirilak 14, arratsaldeko 18:30ean.

Aprendiendo de los viajes. Hizlariak: María Pia Fontana eta Miguel Mayorga.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu