Alain Concepcionek 'Holding Love' diskoa aurkeztuko dau

Bizkaie! 2026-02-09 07:45   Kulturea

Apirilaren 11an, Zornotza Aretoan.

Ainhoa Salterain eta Alain Concepcion. | Ikusi handiago | Argazki originala

Zezeilaren 13an, barikuan, Zornotza Aretoak denporaldi kulturalari ekingo deutso, antzerkia, musikea, jantzea eta zinemea buztartzen dituan jarduera eta ikuskizunakaz. Holan iragarri dau Amorebieta-Etxanoko Udalak prentsaurreko bidez, edade eta gustu guztietarako egitaraua, hain zuzen be.

Ainhoa Salterain alkateak nabarmendu dau kultureak udalerrian dauen oinarrizko zeregina: guretzat, kulturea funtsezko oinarria da udalerriko bizitzan. Zornotzarren arteko hartu-emonak sendotzen laguntzen dau, parte-hartze aktiboa sustatuz eta personen egunerokoa aberastuz. Programazino horren bidez, kalidadeko proposamenak eskaini gura ditugu, edade guztietara egokitutakoak, herritarrek kulturaz disfrutau eta esperimentetako aukerea izan deien

Datozen hilabeteetan, Zornotza Aretoak jantzea, musikea eta antzerki ikuskizun ugari hartuko ditu. Horrezaz gan, Zineklubeak hautatutako filmak be proiektauko dira. Beraz, martitzen guztietan, 19:00retan, film-proiekzinoak eskainiko dira, baita ondorengo berbaldiak be.

Zazpi antzezlan

Antzerkia ardatz nagusietako bat izango da Zornotza Aretoko programazinoan. Zezeilaren 20an hasiko da denporaldia Nor Naizen Baneki lanagaz. Ondoren, beste antzezlan batzuk izango dira, esaterako, R&J (La Dramática Errante), Shakespeareren maitasun tragikoaren eguneratutako bersinoa; Lo Peor Que Le Puede Pasar a un Niño (Ekoma Teatro), maskulinidadearen inguruan hausnartzen dauen lana; Kolapsoa (Jon Ander Urresti), konsumismoaren inguruko gogoetea; eta Calla y Come (La Cocina), benetan mobiduten gaituen horretara bidaia introspektiboa proponiduten dauena. Era berean, Nancy Grace Roman (Nexo Teatro) lanak Hubble teleskopioaren garapenean funtsezko ekarpena egin eban astronomo aitzindaria ezagutzera eroango gaitu.

Musikea: Alain Concepcionen Holding Love diskoaren aurkezpena apirilean

Programeak guztira zazpi kontzertu hartuko ditu. Horreetako bat izango da Alain Concepcionen kontzertua, apirilaren 11n, Holding Love diskoa aurkeztuko dau. Lan horrek soul, jazz, funk eta soft rock estiloak buztartzen ditu.

Bestalde, martiaren 12an Kamikaze Helmets taldeak joko dau, gitarra bako sortutako rock proposamen berezia. Gainera, zezeilaren 14an Go!azen 12 ikuskizuna aurkeztuko dabe. Maiatzaren 9an, Amorebietako Musika Bandeak Sentzasioen Bila eskainiko dau, musikeak eragiten dituan sensazinoak ardatz dituan kontzertu berezia.

Jantzea

Jantzearen programazinoak gustu guztietarako proposamen bereziak eskainiko ditu. Horreetako bat izango da You Have an Inner World, And So What? (La Senior de Larrua) ikuskizuna, martiaren 20an aurkeztuko dana. Pieza horrek heldutasunaren inguruko hausnarketea egiten dau mobimentuaren bitartez.

Horrezaz gan, Lasala Konpainiak Alai Familian aurkeztuko dau, umeei zuzendutako proposamena, maiatzaren 16an taularatuko dana. 

Antzerki familiarra

Zornotza Aretoko programazinoak familia osoarentzako aukerak eskainiko ditu, etxeko txikienek be kulturaz disfrutau ahal izan deien. Zornotzar familiei zuzendutako lanen artean dagoz Zerua Lapurtu Dute (Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore), umorez eta abenturez betetako proposamena eta Amama Irrifareen Ondarea (Eidabe), familia-oroimenaren garrantziaz gogoetea egiten dauena.

Horreezaz gan, Kimú (Marie de Jongh) lana be eskainiko da; umeen barruko mundua esploretan dauena jantzearen eta antzerkiaren bidez.

Sarrerak eskuragarri dagoz hemen

Egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu