'Inauteri soinuetan', zezeilaren 10ean, arratsaldeko 19:00retan, Euskalduna Jauregian

Bizkaie! 2026-02-09 11:20   Musikea

Erosi sarrrerak hemen.




Bilboko Udal Txistulari Bandeak kolorez eta erritmoz beteko dau Euskalduna Jauregiko Atrioa, Inauteri soinuetan izeneko ikuskizunagaz. Beti Jai Alai jantza taldeak parte hartuko dau, denporan zehar Euskadiko hainbat txokotan egindako inauteri tradizionaletan oinarritutako ibilbide musikal oparoa eskainiz.

Herri bakotxak modu berezian ospatzen ditu inauteriak eta proposamen honek aniztasun horri omenaldia egin nahi deutso txistuak jantza eta giro herrikoiari musikea jarriko deutsen pieza moltso baten bidez. Beti Jai Alaik, barriz, bere estilo bereziagaz bizituko ditu koreografiak.

Euskal jantzek Bilboko urian izan daben bilakaeeraren testigu parebakoa da Beti Jai Alai. 1968 urtean sortu ebenetik, Bilboko Basurto auzoan kokatua, Euskal jantza, ohitura eta errituak ikertu, gorde eta zabaltzen ibili dira. Esaterako, Bilboko 4 estanpa irudikatu zituan bere 40. urtemugea ospatzeko: Bilboko noble eta handikien jaiak XVl. mendean, Corpus Christi jaiak XVII. eta XVIII. mendeetan, Bilboko Inauteriak XIX. eta XX. mendeetan eta Bilboko eta inguruetako erromeria eta aurreskuak.

Bilboko txistu bandeagaz batera urte horreetako guztietak ibilbidea ikusgai izango da ekitaldi honetan. Txistuaren musikeak alboan izango ditu gitarrea eta bajuaren laguntzea Eriz Pérez eta Amaiur Cajaraville musikariei esker.

Ikuskizun honen ostean, programazinoak martiaren 3an jarraituko dau Campos Elíseos Antzokian, Txistua Algaraz lehen hezkuntzako 1. eta 2. zikloko ikasleei zuzendutako kontzertu didaktikoagaz. Anduriña Zurutuza clownak umorez eta hurbiltasunez gidatuko dau emonaldia, txikienek txistuaren unibersoa ezagutu deien Bandearen beraren eta Eriz Pérez eta Amaiur Cajaraville lako musikari gonbidatuen eskutik.

Bilboko Udal Txistulari Bandea

Gaur egun ondokoak dira Bilboko Udal Txistularien Bandako partaideak: Gorka Zabaleta (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Peio Irigoien, Sabin Bikandi eta Asier García. Urte honeetan aukerea izan dogu gitxienez ezaugarri bi antzemoteko: saioen kalidadea eta saio bakotxa besteetatik ezbardintzeko egindako ahalegina. Bidebarrieta Kulturgunean zenbait aldez jo ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa atontzen hasi ziran eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen dau; bertan, txistularien bandearen saioakaz batera goi mailako profesionalaka eta taldeakaz lankidetzako saioak buztartu ditue. Bandak baditu sei disko eta DVD bat kaleratuak: “Bilboko Udal Txistu Banda” (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin “Harizko Txistua”(2006); Hala ere (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; “Kantari Gabonetan” (2010) Leioako Kantika Koralarekin; “Plazan” (2014) erromerietako eta jantzaldietako musika-lanaka; “Gogoeta” Xabier Zabalagaz eta azkena, “X Urte, hamaika lagun” (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.

Beti Jai Alai Dantzari Taldea

Gaur egun, 120 lagun inguru dira taldean. Gaur egungo lokalak Masustegiko Estratan dagoz eta taldekiak asko diranez, saioak, jantziak, materiala, bulegoa eta liburutegi txikia hartzeko aukerea emoten dabe.

Helduen taldean 70 bat lagun dira, jantzari, musikari eta taldeko kide ohiek osotutako abesbatza txiki bategaz, eta etenbako jarduereari eusten deutse, astean 2/3 saio edo proba eginez, emonaldiak atontzeko eta teknikea hobetzeko.

Bestalde, ume talde bat be badago, asteko probez gan, hainbat erromeriatan parte hartzen dauena. Txikienakaz egiten dan irakaskuntza-lan horrek eta ume-taldeari eskaintzen jakon dedikazinoak jarduerearen jarraipena eta kideen belaunaldi-erreleboa ziurtatzen dabe.

Taldearen helburu nagusien artean euskal jantza eta kulturea zabaltzea dagoz, batez bere Basurtu auzoan eta Bilbon, baita Euskal Herriko edozein lekutan be. Halan da be, COVID-19aren pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren, barriro hasi da Euskal Herriko mugak gainditzen, eta Estaduko hainbat tokitara (Salamanca, Toledo) joaten, euskal folklorea ezagutzeko interesa agertu baitabe.

Beste alde batetik, abuztuaren 15ean eta urriaren 11n, Beti Jai Alaik 1997an berreskuratutako ezpata jantzea egiten dau jantzan Begoñako Basilikan. Era berean, abuztuaren 15ean, Bilboko Udaleko agintariakaz batera, aurreskua antzezten dau, Begoñan eta inguruko eleizateetan jantzan egiten zan moduan, eta 1995etik Begoñako Basilikearen atzealdean egiten da.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu