Ruth Asawak alanbre kiribilduz egindako eskultura ezagunak batu dira
2026-02-09 09:19 KultureaAtzerabegirakoa Guggenheim Bilbao Museoan izango da 2026ko martiaren 19tik irailaren 13ra.
San Francisco Museum of Modern Art (SFMOMA) eta New Yorkeko Museum of Modern Art (MoMA) erakundeek atondutako erakusketea da. Aurkezpen hau Guggenheim Bilbao Museoagaz lankidetzan egindakoa da.
Erakusketan Ruth Asawak alanbre kiribilduz egindako eskultura ezagunak batu dira, bai eta alanbre lotuz egindako lanak eta naturan inspirautakoak, buztin eta urtutako brontzezk piezak, papiroflexiak, pinturak, marrazkiak, zirriborro-koadernoak eta grabatuak be, 1947 eta 2006 bitartean egindakoak.
Asawaren obreak abstrakzinoaren eta figurazinoaren, irudiaren eta hondoaren, eta espazio positiboaren eta negatiboaren arteko bereizketak gainditzen ditu eta, inguruneagaz interakzinoan dagozan konposizinoetan elementu oso heterogeneoak alkarren artean zelan erlazionetan diran behatzeko animetan gaitu.
1950eko hamarkadako hasieran Asawak beste aukera batzuk eten barik bilatzeari ekin eutson bere lanerako aukeratutako prozesuen barruan eta horrek bere motibo eskultoriko bereizgarriena ekarri eban: formearen barruko forma jarraitua, artisteak aldi berean barruan eta kanpoan dagoan forma lez azaldutakoa.
Asawak alanbre lotuz egindako piezen abiapuntua lore-zentro bat zan, izar-itxurakoa edo geometrikoa; landu ahala eta formea kanporantz hazi ahala, artisteak materialaren propiedadeei erantzuten eutsen eta alanbreak agintzen dauenari jarraitzen eutson, mundu naturalaren hazkunde-ereduak errepetiduteko.
Guggenheim Bilbao Museoak atsegin handiz eskainiko dau Ruth Asawa: Atzerabegirakoa, Ruth Aiko Asawa (1926–2013) artista ospetsuari bere jaiotzearen mendeurrenean eskainitako erakusketa handia. Bigarren Mundu Gerraren ondoren AEBk emon eban artista dohatsu eta emankorrenetako bat izan zen Asawa. Azken hamarkadan bere obrearen garrantzia zabal autortua izan bada be, atzerabegirako hau izango da museo batean sortzaile honen produkzino bikain, askotariko eta barritzailearen alderdi guztiak sakonetik aztertuko dituan lehenengo erakusketa handia.
Sei hamarkadako ibilbidea jorratzen daben hamar ataletan zehar, erakusketa honek figura enblematiko baten lan barritzailea dakar zabal eta sakon.
Komisarioak: Janet Bishop, Thomas Weisel Family Arte-arduradun nagusia, SFMOMA eta Cara Manes, Arte-arduradun alkartua, Pintura eta Eskultura Departamentua, MoMA; laguntzaile izan dabe Geaninne Gutierrez-Guimarães, Arte-arduraduna, Guggenheim Bilbao Museoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
