Mikel Iturregi World New Music Days Jaialdian izango da

Bizkaie! 2026-02-04 10:12   Musikea

Isila bezain ilun lana aurkeztuko dau, Sarrionandiaren poema batean oinarrituta.

Mikel Iturregi (Sopela, 1997) euskal konpositorearen Isila bezain ilun (2024) lana, Euskal Herria ordezkatzeko aukeratu dabe World New Music Days (WNMD) jaialdian. Musika Garaikiderako Nazinoarteko Alkarteak (ISCM) atontzen dauen jaialdia, maiatzaren 23tik 31ra arte izango da Bukaresten (Errumania). Uriko gune esanguratsuenetan izango dira kontzertuak, esaterako, Ateneul Român eta National Opera Bucharest.

Zutabe Amaigabea izenpean, Constantin Brâncuermiren eskultura ikonikoari erreferentzia eginez, WNMDk mundu osoko interpreteak, ensembleak eta orkestrak batuko ditu bederatzi egunez, nazinoarteko konpositoreen 70 lan erakutsiz.

Aukeratutako lana, Isila bezain ilun (2024), Sarrionandiaren poema batean oinarrituta dago eta ondoko instrumentuak erabilten ditu: txirula bajua, klarinete bajua, bibolina, biolontxeloa, perkusinoa eta pianoa. Soinu hauskorraren adierazkortasuna adierazoten dau, ikuspegi ahul, zorrotz eta ilunean oinarrituz. Halanda ze, musikagileak lasaitasunari eta isiltasunari buruzko hainbat begirada ikertzen ditu.

Mikel Iturregik, gaur egun Parisko Konserbatorioan ikasten dau, Gerard Pesson irakasleagaz. Diotima Quartet, Ensemble Recherche eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa lako taldeek haren musikea interpretetan dabe. Nazinoarteko konposizino-akademia garrantzitsuenetan be parte hartu dau. 

Musikagilearen presentzia bultzatzeaz gan, Musika Bulegoak ISCMren Urteko Batzar Nagusian parte hartuko dau. Jaialdiagaz batera egingo da eta datozen urteetarako erakundearen ildo estrategikoak zehaztuko dira. ISCM musika garaikidea zabaltzeko nazinoarteko plataforma nagusietako bat da eta gaur egun 60 erakunde kide baino gehiago ditu mundu osoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu