'Lourdes Iriondo, bide-urratzaile'
2026-01-29 12:38 KultureaSantiago Onaindia ikerketa bekeari ikusgarritasuna emotea da asmoa.
Amorebieta-Etxanoko Udalak jardunaldi bereziak egingo ditu zezeilean Santiago Onaindia ikerketa bekeari ikusgarritasuna emoteko. Beka horrek, 1989tik, euskerazko ikasketa eta sorkuntza intelektuala bultzatu izan dau. Ekimen honen bitartez, Santiago Onaindia zornotzar idazle eta ikertzaileari omenaldia egiten deutso Udalak, haren heriotzearen 30. urteurrenean, kultura kritiko, sortzaile eta konprometiduaren aldeko jarrerea indartu guran.
Lourdes Iriondo, jardunaldiotan ardatz
Bekearen jarduerea herritarrei gerturatzeko, Udalak jardunaldi bereziak atondu ditu. Aurtengo ekitaldiak Lourdes Iriondo izango dau ardatz, XVIII. edizinoko lan sarituaren protagonista: Lourdes Iriondo, Bide-urratzaile. Literatura eta kantagintzea aztergai, Alex Gurrutxaga eta Lorea Jainagak egindako ikerketea.
Ikerketa horrek Lourdes Iriondoren lana aintzat hartzen dau; euskal musika modernoaren aurrendarietakoa izan zan, baita diktadura garaian euskerazko ume literaturako lehenengo egileetakoa be. Lanak ikuspegi feminista eta kulturala erabilita berreskuratzen dau haren ibilbidea eta nabarmendu egiten dau emakume sortzaileentzat eta euskerarako sasoi gogorrean egindako ekarpena.
Horregaitik guztiagaitik, jardunaldi honeek modu pluralean eta inklusiboan diseinau dira, ume, gazte eta helduentzako proposamenakaz:
- 4 eta 10 urte bitarteko umeei zuzendutako ipuin kontalari musikala, zezeilaren 7an, zapatuan, 12:00etan, txikien liburutegian.
- Zezeilaren 10ean, 19:00retan, Zelaieta Zentroan, Lourdes Iriondo, bide-urratzaile hitzaldia emongo dau Alex Gurrutxaga ikertzaile eta bekeari esker argitaratutako liburuaren egilekidea. Santiago Onaindiaren heriotzearen 30. urteurrenean, omenaldiko ekitaldi nagusia izango da.
- Zezeilaren 11n, Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentalaren proiekzinoa, Zinemaldian estreinau barria. Hitzordua arratsaldeko, 19:00retan izango da, Zelaieta Zentroan.
Horrezaz gain, zezeilean zehar, liburutegian Santiago Onaindia Bekearen bidez argitaratutako liburuak batuko dituan erakusketa berezia egongo da, Berbalapiko programearen barruan, Santiago Onaindia beka, 36 urte euskal literatura ikertzen goiburupean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
