Anarru Egunari buruzko dokumentala estreinauko dabe Bakion
2026-01-29 10:48 KultureaAntxinako inauteria berreskuratzeko prozesua hauspotzea da asmoa.


2024an, herriko historiaren eta tradizinoaren arloa zabaldu eben hainbat bakiotarrek, konturatzeko berezko jai ederra egiten ebela antxinako herritarrek. Holan, ikerketa hori gogoan haruta, orain mende bat galdutako inauteria berreskuratu eben, Anarru Eguna. Antxinako inauteri hori berreskuratzeko prozesua autortu eta hauspotzeko asmoz, Bakioko Udalak eta Itxas-alde Dantza Taldeak dokumentala sustatu dabe eta zezeilaren 6an estreinauko da, 19:00retan, herriko probalekuan. Sartzeko dobako txartelak ultur Etxean jaso beharko dira.
Dokumentalera hainbat testigantza batu ditue: antxinako inauteriak oraindino gogoratzeko herriko jente nagusiarenak, Thierry Truffault eta Aitzpea Leizaola antropologoenak, 90eko hamarkadako hasieran Lezoko inauteriak berreskuratzeaz arduratu zan Joseba Aurkenerena historialariarena eta Oier Araolaza jantzari eta kazetari gipuzkoarrarena bere, besteak beste. Testigantza horreek fikzinoagaz eta Anarru Egunetako irudiakaz nahastauta agiriko dira.
Ikus-entzunezkoa Zuberoa Andresek zuzendu eta Maule Productionsek produzidu dau, eta Kalakan talde lapurtarraren soinu-bandea izan dau. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzea jaso dau egitasmoak. Herrian sortua da dokumentala, Anarru Eguna bera bezela. Horregaitik, herritarrak estreinaldira gonbidauta, alkarregaz hausnartzen, eregiten eta amesten jarraitzeko deia egin dabe sustatzaileek.
Anarru berbaren jatorria argitzen
Bakion egindako ikerketeari esker, ez dabe ospakizun hutsa berreskuratu, izan be, herriko hizkuntzearen parte dan anarru berbea be ekarri dabe gaur egunera. Horri esker, Labayru Fundazinoak dagoeneko jasoten dau eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasean (EHHA) be agertzen da. Dokumentalean berbearen jatorriari buruz gogoeta be egingo dabe adituek zein herritarrek.
Aurten, Anarru Eguna zezeilaren 21ean
Bakioko inauteri berezia, Anarru Eguna, zezeilaren 21ean egingo dabe aurten. Goizean baserririk baserri ibilaldia egingo dabe eta arratsaldeko 17:00etan hasiko da kalejirea, frontoialdetik moila puntaraino. Tartean, antzezpenak eta jantzak eskainiko ditue, mozorroak jantzita dituelarik. Amaieran, elektrotxaranga batek girotuko dau iluntzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
