Valerie Miles idazlea eta Gerediaga dira, BBK Gutun Zuria Bilbao 2026 saridunak

Bizkaie! 2026-01-29 07:59   Kulturea

Ohorezko makilak zezeilaren 24tik 28ra Azkuna Zentroan egingo dan jaialdian jasoko ditue.

Valerie Miles + Durangoko Azokea. | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurten, BBK-k eta Azkuna Zentroak BBK Gutun Zuria Bilbao Ohorezko Saria emongo deutsee Gerediaga Alkarteari, bere 60. urteurrena ospatzeko, euskal kulturearen eta literaturearen oinarrizko eragiletzan egindako lana eta Durangaldeko eta, oro har, Euskadiko ondare historiko eta kulturala jagon, ikertu eta zabaltzeko konpromisoagaz markautako ibilbide eredugarria autortzeko.

Era berean, aurten BBK Gutun Zuria Bilbao saria emon jako Valerie Milesi (New York, 1963), nazinoarteko literatura-edizio garaikideko figura nabarmenetako bati, bere ibilbide profesionalagaitik, sormen, adimen eta kultura-bitartekaritzako lana nabarmentzeko.

  • Gerediaga Alkartea: proiektu bizia eta euskal kultureagaz konprometidutakoa

1965ean sortua, Gerediaga Alkartea Bizkaian erregistrautako lehen kultur alkartea izan zan. Premineari eutsiz eskualdearen kalidadea aldarrikatzea eta desagertzeko arriskuan egon hurbileko ondare historiko eta kulturala jagotea ziran asmoak. Ordutik, Durangaldeko bizitza kulturala egituratu dau, benetako eragile soziala, kulturala eta sortzailea, batez be adierazgarria diktadurearen urteetan.

Haren historian zehar, Gerediagak euskal kultura garaikiderako oinarrizko proiektuak bultzatu edo lagundu ditu, horreen artean Durangoko Azokea nabarmentzen dalarik, Euskadiko kultur ekitaldi nagusietako bat. Sasoi haretako Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokearen helburua euskerazko kultur produkzinoari ikusgarritasuna emotea zan, diktadura frankisteak euskerea eta euskal kulturea mugatuta eta baztertuta zituan testuinguruan. Ordutik, erresistentzia kulturalerako, sorkuntzarako eta ospakizunerako gunea izan da, eta literaturea, musikea, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak eta euskerazko sormen-adierazpen barriak buztartzen ditu.

Gaur, 60 urte geroago, Durangoko Azokea euskal kulturearen urteroko topagune handia da, eta kultur trukea, ahots barriak eta belaunaldien arteko kulturearen transmisinoa bultzatzen ditu. Euskal kulturea etorkizunera begira jagon eta bultzatzen dauen espazio bizia.

  • Valerie Miles: edizino garaikidearen erreferentea

Literatura konparatuan doktorea, idazlea eta editorea da. Granta en español sortu eban 2003an eta argitalpenaren zuzendaria da ordutik. Arteen Funts Nazionaleko eta Rockefeller Fundazinoko bekak jaso ditu, baita Southwest Review Essay Prize eta PEN Saria be. Dublin Literary Award-eko finalistea izan zan. Literatura-aholkularia da Escribir el Pradon, batzordeburua eta fikzinoko bildumako editorea. The New Yorker, The New York Times eta The Paris Reviewegaz kolaboretan dau.

Granta en español argitalpena tarteko dala, Harkaitz Cano, Eider Rodríguez, Karmele Jaio eta Uxue Alberdiren gaztelaniazko eta ingelesezko itzulpenak bultzatu ditu. Roberto Bolañoren artxiboan ikerketak egin zituan eta hil osteko argitalpenak atara; era berean, Bartzelonako CCCBrekin egindako Archivo Bolaño, 1977-2003 erakusketearen kuradorea izan zan. Haren bibliografiak barrubatzen ditu Mil bosques en una bellota, itzulpengintzako hainbat liburu —horreen artean J. M. Coetzee Nobel saridunagaz egindako proiektu bat— eta Granta en español argitalpenaren 27 zenbaki.

Sormen-lana autortzea

BBK-k eta Azkuna Zentroak 2022tik emoten dabe ohorezko sari hau, euskal literaturearen eta nazinoarteko literaturearen oinarrizko eragileen sorkuntza-lana autortzeko, hareen ibilbideagaitik, lan jakin batengaitik edo kultura-proiektu garrantzitsu bat egiteagaitik.

Ekimen hau erakunde bi daben lankidetza hartu-emonen barruan kokatzen da. Zentroa inaugurau ebenetik, BBK-k Mediateka BBK babesten dau eta Letren Nazinoarteko Jaialdiaren kolaboratzaile nagusia da. Fundazinoak eta Azkuna Zentroakk kulturearen, literaturearen, uriaren eta gizartearen misino inklusibo, parte-hartzaile eta kritikoa konpartiduten dabe. Azkuna Zentroak proiektu artistikoak bultzatzen ditu. Sorkuntzarako pizgarria, BBKren gizarte-lanagaz bat datorrena, eta arteei oro har eta literatureari batez be eten bari laguntzen deutsona.

Saria ohorezko makilea da, Euskal makila tradizionala, persona batenganako errespetua eta autorretza erakusten dituana. Sariak gutun zuri bat eskaintzen deutse saridunei, hurrengo edizinorako interesekoa daben proiektu baten sinboloa.

Gerediaga Alkarteak eta Valerie Milesek bat egin dabe saria jaso daben idazle ospetsuakaz, besteak beste, Miren Agur Meabe eta Theodor Kallifatides (2022), Anjel Lertxundi eta Cristina Rivera Garza (2023), Mariasun Landa eta Juan Mayorga (2024) eta Itxaro Borda eta Leila Guerriero (2025).

Berbea, Gutun Zuria Bilbaoren ardatz

Gutun Zuria Bilbao, urian antxinakoena dan nazinoarteko jaialdiak, urtero, zubi-lana egiten dau idazten eta irakurzen dauenaren artean, eta danon bizipen bihurtzen ditu normalean esperientzia intimoak izaten diran irakurketea eta literaturea.

2026ko edizinoan literatura eta argitalpen arloetako hogeita hamar bat sortzailek parte hartuko dabe. Programazino osoa datozen egunetan emongo dabe ezagutzera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu