'Zaku berekoak' antzezlanak ekingo deutso Lautan Hiru ekimenari

Bizkaie! 2026-01-28 13:06   Kulturea

Zezeilaren 5, 12, 19 eta 26an egingo da antzerki jaialdia.

Badator VIII. Lautan Hiru antzerki-jaialdia. Betiko lez, Bilboko Zazpikaleetako euskal giroa sustatu gura dabe atontzaileek, baita euskal antzerkilariei plaza barriak eskaini be. Lau astez eta eguenetan egingo da Lautan Hiru: guztira, 8 ikuskizun eskainiko dira. Horreezaz gan, Euskal Herriko Antzerkizale Alkarteagaz (EHAZE) batera atondutako Ikusle Klubari be eutsiko jako.

Holan, zezeilaren 5, 12, 19 eta 26an emongo dira antzezlanak. Bilboko Udalak babesten dau egitasmoa eta Euskaltzaindiak alkarlanean osotu dau egitaraua, ondokoakaz batera: Tartean Antzerki Konpainia, Bira Kulturgunea eta 7Katu. Eszenatokiei jagokienez, bost lekutan programau dira lanak: Kalderapekon, Biran, Café Bar Bilbaon, 7Katu Gaztetxean eta Euskaltzaindiaren egoitzan.

Gaur, hilak 28, Euskaltzaindiaren egoitzan egindako aurkezpenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak hasiera-hasieratik proiektuari emondako babesa eskertu deutso Bilboko Udalari, baita Zazpikaleetako eragileakaz daben aliantzea be: egitasmo arrakastatsua da Lautan Hiru, aurreko zazpi edizinoek holan erakutsi deukue. Gainera, sekulakoa da, euskerazko antzerkiari zuzenean laguntzea. Igaz lau estreinaldi egin ziran jaialdiaren eskutik eta aurton beste horrenbeste atondu dira. Hurrengo urteetan be holan jokatu gura dogu, euskerearen eta euskal kulturearen mesedetan.

Bestetik, Eider Inunciaga Bilboko Udaleko Euskera, Herritarren Arreta eta Partaidetza, Agenda 2030 eta Nazinoarteko zinegotziak Lautan Hiru lako jaialdi batek edizino barriak egitearen garrantzia azpimarratu dau: horrek esan gura dau publikoa eta espazioak dituala. Dana euskerearen, Alde Zaharraren, kulturearen, antzerkiaren eta ikasketearen inguruan jorratuta.

Aurten, Ipar Euskal Herriari begira jarri da Lautan Hiru, Iparra galdu dugu! izenpean. Ipar Euskal Herrian euskerazko antzerki profesionalak bizi dauen egoera eskasa salatzea da asmoa, baita bertan egiten diran lanak ezagutzera emotea be.

Halanda ze, ikuskizun berezi bi eskainiko ditue Bilboko Zazpikaleetan: Pantzo Hirigarai baxenabartarraren Hautagaia eta Itzuli konpainiaren Adriene Bergson-Johnson bakarrizketea. Era berean, igazko esperientziari eutsiz, apirilaren 17an antzerki-gaualdia izango da Baionako Biltxoko espazioan (19:00retan).

Euskaltzaindiak Baionako Herriko Etxearen eta Euskal Kultur Erakundearen laguntzeagaz atondu dau gaualdia eta Bilbon emondako ikuskizun bi ikusteko aukerea izango dabe Ipar Euskal Herriko antzerkizaleek, hain zuzen be, Hirigarairen Hautagaia eta Gehibat antzerki konpainiaren Zaku berekoak.

Antzerki-produkzinoari laguntzea

2020an, Euskaltzaindiak antzerki-produkzinoa sustatzeko laguntza barria sortu eban, Bilboko Udalaren babesagaz. Estreinako laguntea Artekartu konpainiak eskuratu eban, Hauts artean lanagaitik. 2021ean, barriz, Les Bobe Bobe konpainiak jaso eban laguntzea, Udaberria heldu da lanagaitik. 2022koa emon barik gelditu zan eta 2023koa Iruñeko La Piel konpainiak jaso eban, Beren izenez lanagaitik. 2024koa Gilkitxaro konpainiak eskuratu eban Alferrak, tunanteak, maleanteak obregaitik. 2025eko laguntzea, barriz, Gehibat konpainiak eskuratu dau, Zaku berekoak antzezlanagaitik. Betiko lez, azken hori jaialdian estreinauko da, zezeilaren 5ean, Euskaltzaindiaren egoitzan (Plaza Barria 15).

Horreezaz gan, beste hiru lan estreinauko dira jaialdiaren eskutik: XXIII. Café Bar Bilbao-Tartean sarietako testu saridunagaz (Xabi Payaren Ganbarako lana) egindako irakurketa dramatizatua; 7Katu Gaztetxeagaz batera produzidutako Goiuri… grabatzen! piezea; eta, Pantzo Hirigarairen Hautagaia.

Ikusle Klubea

Euskal Herriko Antzerkizaleen Alkarteagaz (EHAZE) batera, 2022an Ikusle Klubea atondu zan estreinakoz. Aurten be esperientzia hori errepikauko da eta ikusleek antzerkilariekaz berba egiteko aukerea izango dabe. Ikuskizun bi hautatu dira horretarako: zezeilaren 12an Biran eskainiko dan Igogailu batean amaitu zen mundua (amaHiru Konpainia); eta, zezeilaren 26an 7Katu Gaztetxean emongo dan Adriene-Bergson-Johnson bakarrizketea (Itzuli Konpainia).

Sarrerak eta zozketak

Igazko sistemeari jarraituz, sarrerak egunean bertan erosiko dira (4 euroan): ikuskizuna emoten dan espazioan edegiko dira leihatilak, ordubete lehenago. Zozketa azken antzezlanaren ostean egingo da beti, bertaratutako publikoaren artean eta opariak Zazpikaleetan euskerea eta euskal kulturea bultzatzen daben negozinoakaz adostuko dira.

Egitaraua

Bost agertokitan antzeztuko dira: Euskaltzaindiaren egoitzean (Plaza Barria 15), Bira Kulturgunean (Erronda kalea 2); Café Bar Bilbaon (Plaza Barria 6); 7Katu Gaztetxean (Solokoetxeko eskailerak) eta Kalderapekon (Txakur kalea 1).

- Zezeilak 5:

  • 19:00, Euskaltzaindian: Zaku berekoak. Xabin Fernandez (Gehibat konpainia).
  • 20:00, Biran: Supituki (Antzerki inprobisaua).

- Zezeilak 12:

  • 19:00, 7Katu Gaztetxean: Goiuri... grabatzen!. Josu Iriarte, Amets Larrea, Nerea Lizarralde eta Jare Torralba (Testua: Idoia Garzes).
  • 20:00, Biran: Igogailu batean amaitu zen mundua. amaHiru konpainia (Eneritz Sanchez, Iñigo Elosegi, Iñaki Cid).

- Zezeilak 19:

  • 19:00, Euskaltzaindian: Hautagaia (Pantzo Hirigarai, Mizel Sarratia, Beñat Bidegain, Peio Larre, Armand Jaunarena eta Anje Duhalde).
  • 20:00, Kalderapekon: Zazpi urte eta erdi. Eider Villalba eta Kimetz Etxabe (Gehibat Konpainia).

- Zezeilak 26:

  • 19.00, Cafe Bar Bilbaon: Ganbarako lana: irakurraldi dramatizatua (Xabi Paya). XXIII. Café Bar Bilbao-Tartean Teatro Saria.
  • 20:00, 7Katu Gaztetxean: Adriene Bergson-Johnson. Maryse Urrutyren bakarrizketea (Itzuli Konpainia).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu