Mitologiaz beteko dira Bilboko 2026ko Aratusteak
2026-01-28 12:40 KultureaZezeilaren 7an, Kopla Txikien Txapelketea izango da Kafe Antzokian.
Aurtengo Bilboko Aratusteak aurkeztu ditu gaur Jai Batzorde Mistoak Bilboko Berreginen Museoan. Lehenengo eta behin, aurtengo Farolin eta Zaranbolas aurkeztu ditue: Imanol Ituiño azti edo magoa eta Mertxe Gil Goloka antzerki taldeko antzezlea, hurranez hurran. Aurtengo Aratusteetarako Udalak eta Bilboko Konpartsa kolektiboak atondutako egitaraua be aurkeztu dabe. Mitologia izango da aurtengo mozorrorako gaia.
Mitologia irudikatzeko erronkea botako deutse aurtengo Aratusteek bilbotarrei. Holan erabagi dau Bilboko Jai Batzorde Mistoak eta daborduko jakinarazo dabe gaur Bilboko Berreginen Museoan egindako prentsaurrekoan. Gai hori ordezkatzeko, ezin hobeto ezagutzen daben Farolin eta Zaranbolas izango ditugu: Imanol Ituiño de Miguel aztia eta Mertxe Gil Goloka antzerki taldeko antzezlea. Ituiño izango da beraz, Farolin, Aratusteetako pertsonaje bietatik zintzoena, serioena, baina bilbotar harroa be bai. Santutxuarra da Ituiño, hain zuzen, eta horrezaz gain, ikus-entzunezkoen zalea, eta aztia eta ilusionistea be bada. Zaranbolas, personaje bihurriena, Mertxe Gil Vallejok hazurmamituko dau. Bilbotarra da bera be, antzezlea eta txotxongilolaria, Goloka taldean aritu da 1983tik. Eurak izan dira, egunez egun, Aratusteetan izango dogun programazinoa aurreratu deuskuenak.
Bilboko Aratusteetan aurten ere kaleak hartuko ditugu eta uria jaigune edegi eta parte-hartzaile bihurtuko dabe. Zezeilaren 7tik 17ra, programazino zabal eta askotarikoa eskainiko dogu, kultura herrikoia eta aniztasuna erdigunean jarrita.
Hasieratik, eta urtero bezela, Aratusteen izaera kritiko, ironiko eta sortzailea izango da protagonista zezeilaren 7an Bilboko Kafe Antzokian, Kopla Txikien lehiaketeagaz.
Aratuste Eguenean eta Barikuan, Farolin eta Zaranbolas izango dira protagonista: maskara trukea, kalejirak, epaiketea eta antzerkia izango dira. Jai-giro alaia izango da Bilboko Alde Zaharrean egun horreetan.
Aratuste Zapatua izango da jaiaren momenturik jentetsuena. Goiz-goizetik, Bilboko kaleak mozorro, erraldoi, fanfarre eta kalejiraz beteko dira. Egun osoan zehar, ume, gazte eta helduentzako jarduerak izango dira: olgetak, ikuskizunak, musika-emanaldiak eta beste hainbat ekintza. Abandon egingo diran banakako zein talde-mozorroen lehiaketek protagonismo berezia izango dabe: sormena, irudimena eta talde-lana sarituko dira.
Domekan, gastronomiak hartuko dau lekukoa, ohiko torrada eta indaba lehiaketakaz, giro herrikoi eta parte-hartzailean. Azkenik, Sardinaren Hileteagaz amaituko dira Aratusteak, martitzenean.
Amaitzeko, bilbotarrak parte hartu deien konbidau ditue Gilek eta Ituiñok. Bilboko Konpartsak taldeak gogorarazo dau Aratusteak jai libreak dirala eta, beraz, ez dabela onartuko mozorro edo jarrera matxista, arrazista edo baztertzaileak. Espazio seguru bat sortzeko deia be egin dogu, mitologiaz jantzitako Aratuste honeek danon artean gozetako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
