Euskadiko kultureak bere hazkunde iraunkorra sendotu dau

Bizkaie! 2026-01-28 07:50   Kulturea

Bizitasun sozialaren eta ondoizate kolektiboaren adierazle nagusietakoa da.

Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak EAEko 2025eko Kultura Programazinoko Txostenaren barri emon dau Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Txosten horretara batutakoaren arabera, jarduera kulturalak gora egin dau, euskereak presentzia handiagoa da eta irisgarritasunean eta hurbiltasunean oinarritutako eredua dago.

2025ean, 22.425 kultura-jarduera programau dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hau da, % 8,5eko igoerea 2024agaz konparauta. Egunerokoan, Euskadik batez beste egunean 61 jarduera kultural izan ditu, lurralde osoan banatuta. Era berean, 2025ean, programazino kulturalaren ia % 40 euskeraz izan da, sorkuntzako eta eszenako lengoaia lez dauen zeregina indartuta. Aldi berean, zuzeneko arte-jardueren % 40 baino gehiago dobneakoak dira, eta hainbat publikok kulturarako sarbidea izatea bermatzen da.

Ibone Bengoetxea lehendakariordeak adierazo dauenez, kultura aktibo eta hurrekoak, jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeaz gan, kohesino soziala, konpartidutako identidadea eta bizi-kalidadea indartzen ditu; eta kulturaren ikuspegitik Euskadi ondoizatea oinarri dauen herrialde bizi eta dinamiko lez sendotzen dau.

Ganerakoan, Gobernu Kontseiluak 65 miloe euroko gastua onartu dau, 2026an etxebizitzarako prestazino ekonomikoa (EPE) finantzietak, kreditu zabalgarriagaz, laguntza ekonomiko horren estaldurea bermatzeko, etxebizitza bat eskuratzeko eskubide subjektiboa ezin danean berehala bete parke publikoko etxebizitza bat edo zuzkidura-bizitoki bat esleituz.

Prestazinoa besterenezina da, errentea ordaintzeko baino ez da erabili behar, eta zenbatekoa bizikidetza-unidadearen egoerearen eta alokairuaren kostuaren arabera kalkuletan da, egiaztatutako errentearen zenbatekoa gainditu barik. EPEa eskuratzeko, eskubide subjektiboaren baldintzak bete behar dira eta, besteak beste, alokairuko etxebizitza batean edo aurreikusitako antzeko egoeretan bizi dala egiaztatu behar da, bai eta ezarritako baldintza ekonomikoak be.

Gastuaren onarpen horregaz, "Eusko Jaurlaritzeak konpromisoa indartzen dau etxebizitza eskuragarri gehiago bateratzen dituan eredu bategaz eta, eskaintza hori handitzen dan bitartean, berme-mekanismoak ezartzen ditu etxebizitza duin eta egonkor baterako eskubide subjektiboa bete daiten, laguntza ekonomikoaren bidez, beharrezkoa danean", adierazo dau Denis Itxaso Etxebizitza eta Ueri Agendako sailburuak.

9,5 miloe Bakioko Urkitza Zentroa handitzeko

Eusko Jaurlaritzeak Gobernu Kontseiluan onartu dau ia 9,5 miloe euro inbertidutea Bakioko (Bizkaia) Urkitza Zentroa handitzeko obretan, udalerriko hezkuntza-espazioak eta instalazinoak hobetzeko eta ikasleei espazio, erosotasun eta zuzkidura hobeak dituan ikastetxe bat eskaintzeko, eskola publikoa indartuz kalidadeko hezkuntzarako sarbide unibersalaren berme lez.

Eusko Jaurlaritzako bozeroaile Maria Ubarretxenak adierazo dauenez, "jarduerea Bakioko biztanleriak azken urteetan izandako hazkundeari jagoko eta, horren ondorioz, beharrezkoa izan da zentroa handitzea Ume eta Lehen Hezkuntzako lerro biko eredu oso bat eskaintzeko, hau da, ikasturte bakotxeko talde bi: 8 Ume Hezkuntzan eta 12 Lehen Hezkuntzan, familien beharrei erantzunez".

Seme-alabak dituen familientzako laguntzak

Gobernu Kontseiluan onartu da 30/2015 Dekretuak eta 27/2023 Dekretuak araututako seme-alabak dituen familientzako laguntzak finantzietak 2026ko ekitaldirako behar dan gastua, ia 200 miloe eurokoa. 58,5 miloe euro urte honi jagokoz. 53,5 miloe 2027an; 37,5 miloe 2028an; 34,8 miloe 2029an; eta 15,4 milioi euro 2030ean.

Gorroto-delituetan sakontzeko EHUgaz sinatutako hitzarmena barritzea

Euskal Herriko Unibersidadeagaz (EHU) sinatutako lankidetza-hitzarmena barritzea erabagi da, Euskadiko gorroto-delituei buruzko txosten bat egiteko eta Europagaz alderatzeko. Hitzarmena Segurtasun Sailak eta EHUk sinatu dabe, Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedrearen bidez, eta haren helburua azterlan bat egitea da, kriminalidade-mueta hori epe ertain eta luzean hobeto ezagutu, prebenidu eta ahalik eta modu eraginkorrenean desagerrarazoteko tresna izaten jarraitzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu