Badator ‘Bermeoko Emakumeen Memoria Bizia’ proiektua

Bizkaie! 2026-01-26 12:45   Kulturea

65 urtetik gorako emakumeen gomuta eta bizipenak erdigunean jarriko dituan ekimena.

Bermeoko Emakumeen Memoria Bizia proiektuaren aurkezpen publikoa zezeilaren 5ean, eguenean, 18:00etan egingo da, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean. Saioa edegia izango da eta 65 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dago.

Proiektuak emakumeen memoria kolektiboa berreskuratu, ikusarazo eta komunidadearen arloan aktibetea dau helburu, 65 urtetik gorako emakumeen bizipenak eta gomutak ardatz hartuta. Emakumeen
argazki-album personalak, bizitza-kontaketak eta sorkuntza kolektiboko tresnak hartzen ditu abiapuntu, memoria intimoa arlo publikora eroateko eta ikuspegi feminista, sentikor eta testuinguruan errotua jorratzeko.

Bermeoko Emakumeen Memoria Bizia ekimena ELLAS izeneko proiektu zabalagoaren barruan kokatzen da. Euskal Herriko hainbat herritan landutako esperientzia horrek emakumeen memoriari autortza publikoa emotea eta kontakizun isilarazoak ikusgarri egitea izan dau ardatz, betibere tokian tokiko errealidadeetara egokituta.

Bermeoko proiektua ikuspegi transbersaletik landuko da eta hainbat arlo buztartzen ditu: bardintasuna, kulturea, gizarte-ekintzea, herritarren parte- hartzea, hezkuntza ez-formala eta ondare immateriala. Helburuen artean dagoz belaunaldien arteko transmisinoa sustatzea, hartu-emon komunitarioak sendotzea eta emakumeen ekarpena herriaren memoria kolektiboaren parte bihurtzea.

Proiektua urte honetan zehar garatuko da fase bitan: lehenengoan, 65 urtetik gorako emakumeakaz egingo diran kopartidutako gomutarako tailerrak izango dira ardatz. Tailer horreek entzute aktiboan, talde-lanean eta esperientzien trukean oinarrituko dira, memoria kolektiboa lantzeko, hartu-emonak sendotzeko eta komunidade-loturak indartzeko espazioak sortuz. Bigarren fasean, egindako lanaren itzulera publikoa egingo da, aurreko prozesutik abiatuta adostutako formatuan.

Proiektua Punto Gorria Kultur Alkarteak sustatzen dau. Diziplina anitzeko elkarte honek arte garaikidea, artxibo-lana, bitartekaritza kulturala eta aktibazino komunitarioa buztartzen ditu.

Bermeoko Udaleko Bardintasun zinegotzi Arantza Ormaza Tarantinok proiektuaren garrantzia azpimarratu eta herritarrak deitu ditu parte hartu deien: Bermeoko Emakumeen Memoria Bizia proiektuak gure herriaren historia beste begirada batetik ulertzeko aukerea emoten deusku. Belaunaldi oso batek bizitakoa entzutea ezinbestekoa da memoria kolektiboa osotzeko eta sano garrantzitsua da emakume horreei ahotsa eta espazioa emotea. Herriko 65 urtetik gorako emakume guztiak animau nahi ditugu parte hartu deien, euren gomutak Bermeoren historia aberasten dabelako.

Zezeilaren 5eko aurkezpenean azalduko ditue berezitasun nagusiak, erabiliko dan metodologia eta parte hartu nahi daben emakumeek izango dituen aukerak. Saioaren amaieran, galderak egiteko eta barriketara tartea be egongo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu