22 kirolari eta 4 erakundek Derioko Udalaren autortzea jaso dabe
2026-01-19 12:10 Pil-pileanAhaleginagaitik, transmitidutako balioengaitik eta tokiko kirolari egindako ekarpenagaitik.
Derioko Udalak, urtarrilaren 16an, Kirol Galearen bosgarren edizinoa egin eban; tokiko egutegian errotuta dagoan hitzordua da, kirol lorpenak ezeze, kirolak Derioko komunidadeari emoten deutson balioak be autortzen dituana. Kultur Birikan egin zan ekitaldian, 22 kirolari eta lau kirol-alkarte autortu ziran, euren ibilbideagaitik, konpromisoagaitik eta udalerriko kirol-biziteari egindako ekarpenagaitik. Gainera, Txorierri Basketland klubeari txapela emon jakon, izan be, 2025ean bere hamargarren urteurrena izan zan.
Ondoetorria emon ondoren, Esther Apraiz alkateak ondokoa azpimarratu eban: galeak ez ditu tituluak edo garaipenak autortzen bakarrik, baita komunidade bezela batzen gaituen balioak be: kirola gizarte-eraldaketarako tresna indartsua da. Derion haren sustapenean erreferente diran personak txalotzen ditugu. Era berean, alkarregaz mobiduten dan herri baten harrotasuna sustatzen dogu.
Galea, era berean, tokiko kirol-alkarte eta klubek egiten daben funtsezko lana ikusarazoteko aukerea izan zan. Derioko Udalak publikoki eskertu eban Plan Estrategikoa lantzeko egindako ekarpena, baita eguneroko jardunean ohitura osasungarriak eta balio positiboak sustatzeko egiten daben lana be.
Testuinguru horretan, Aitor Aurrekoetxea kirol zinegotziak azken urteotan kirol irisgarriago, inklusiboago eta kalidadekoago baten alde egindako lana azpimarratu eban: aurten mugarri garrantzitsua jarri dogu Derioko Kirolaren 2025-2028 Plan Estrategikoa onartuta; herritarren parte-hartzetik sortutako dokumentua da. Guztira, 45 neurri zehatz jasoten ditu kirola osasunaren, ondoizatearen eta gizarte-kohesinoaren eragile bezela indartzeko.
Gainera, Aurrekoetxeak gogoratu eban 2026an hasiko dala Derioko Udal Kiroldegiaren erabarritze integraleko lehen fasea, kirol instalazinoen irisgarritasuna, energia-eraginkortasuna eta erabiltzaileen erosotasuna nabarmen hobetuko dituan inbersino estrategikoa.
Sarituak
- Klubak:
- Untza Mendi Taldea.
- CD Derio (Emakumezkoen A eta Kadete taldeak).
- Emauseko pala egokituko ekipoa.
- Txorierri Basketland SK (Gizonezkoen eta emakumezkoen junior eta emakumezkoen senior taldeak).
- Kirolariak:
- Taekwondo: Doyan Kluba (Violeta Pérez Manzano, Alaitz Antón González, Pablo Jiménez Martín, Ane Arana, Izei Barcenilla, Ainhize Achutegui, Jon Jorge, Laura Jorge, Ane Vallo Zurdo, Aitor de la Torre, Garazi de la Torre, Lukas Fernández eta Leo Fernández) eta Garriko Kluba: Elaia García Madroñal.
- Kickboxing: Aitzol Bilbao, Amaia Cores, Olaitz Etxarri eta Aitor Arribas.
- Miragarri Taldea A.D.: Nadia Canales.
- Triatloia: Markel Cidón Uria.
- Atletismoa: Harriet Aketxe eta Zeiane Sagarduy.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
