‘Los domingos’ filmak 13 izentapen jaso ditu

Bizkaie! 2026-01-14 07:53   Zinemea

Euskal ikus-entzunezko sektoreak momentu historikoa bizi dau.

Euskal zinemea barriro nabarmenduko da 2026ko Goya sarietan, 45 izentapen jaso baititu, 23 kategoriatan banatuta. Hautatutako produkzinoen artean dagoze Los domingos (13 izentapen), Maspalomas (9) eta Los tigres (7). Sari-banaketa ekitaldia Bartzelonan izango da datorren zezeilaren 28an, eta euskal zinemaren indarra agirian geratuko da.

Lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Ibone Bengoetxeak, euskal ikus-entzunezko sektorearen momentua historikoa dala azpimarratu dau: Euskal Zineak momentu ederra bizi dau, gure talentuaren, gure hizkuntzearen eta funtzionetan dauen kultura-ekosistemearen indarra erakusten dauen lorpen kolektiboa; euskal zineak nor garen kontetan dau: Euskal zinea identidadea da, emozinoa, munduari zabalik dagoan begiradea. Politika publikoen bidez, talentua babestuz eta euskerearen aurreko konpromisoaren bidez, bidelagun izaten jarraituko dogu.

Izentapenak

2025eko euskal filmik goraipatuena, Los domingos, Goya sarietarako izentapen gehien jaso dituan lana da, 13 kategoriatan lehiatuko baita, hain zuzen be. Atzetik ditu Sirat (11) bigarren eta Maspalomas (9) hirugarren postuetan.

Alauda Ruiz de Azúak publikoa eta kritikea bereganatu zituan Cinco lobitos opera primagaz eta Querer telesailagaz eta aurtengo Goya sarietarako hautagai gogokoenetakoa da. Filma honako sari honeetarako izentau dabe: Film Onena, Zuzendaritza Onena, Gizonezko Aktore Protagonista Onena (Miguel Garcés), Emakumezko Aktore Protagonista Onena (Patricia López Arnaiz), Bigarren Mailako Gizonezko Aktore Onena (Juan Minujín), Bigarren Mailako Emakumezko Aktore Onena (Nagore Aranburu), Emakumezko Aktore Barri Onena (Blanca Soroa), Jatorrizko Gidoi Onena, Argazki Zuzendaritza Onena, Muntaia Onena, Soinu Onena, Jantzien Diseinu Onena eta Produkzino Zuzendaritza Onena. Filmak ospe handia lortu dau zinema-jaialdi ugaritan eta, besteak beste, Film Onenaren Urrezko Maskorra, Euskal Zinema Saria eta Feroz Sarietako kritikearen saria eskuratu zituan 73. Donostia Zinemaldian. 31. Forqué Sarietan bere Film Onenaren Saria eta Emakumezko Interpretazino Onenaren Saria (Patricia López Arnaiz) irabazi zituan. Era berean, 2026ko Feroz Sarietan zortzi kategoriatan izentauta dago.

Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzendutako Maspalomas filmak, barriz, bederatzi izentapen lortu ditu kategoria honeetan: Film Onena, Zuzendaritza Onena, Gizonezko Aktore Protagonista Onena (José Ramón Soroiz), Bigarren Mailako Gizonezko Aktore Onena (Kandido Uranga), Jatorrizko Gidoi Onena, Argazki Zuzendaritza Onena, Jatorrizko Musika Onena, Makillaje eta Ule-apainketa Onena, eta Arte Zuzendaritza Onena. Donostia Zinemaldiaren 73. edizinoan, Jose Ramon Soroizek eskuratutako Antzezpen Protagonista Onenaren Saria eta 31. Forqué Sarietan be nagusitu zan. Era berean, pelikulea zazpi kategoriatan izentauta dago 2026ko Feroz Sarietan.

Aurtengo edizinoko beste produkzino handienetako bat da Los tigres, zazpi izentapen jaso ditualarik. Alberto Rodríguezen lana honako kategoria tekniko honeetan nabarmendu da: Efektu Berezi Onenak, Muntaia Onena, Produkzino Zuzendaritza Onena, Arte Zuzendaritza Onena, Jatorrizko Musika Onena eta Argazki Zuzendaritza Onena. Gainera, Jatorrizko Gidoi Onena eskuratzeko hautagaien artean dago.

Agustín Díaz Yanesen Un fantasma en la batalla filmak be lau hautagaitza ditu: Efektu Berezi Onenak, Muntaia Onena, Jatorrizko Gidoi Onena eta Emakumezko Aktore Protagonista Onena (Susana Abaitua).

Bestalde, Sitgeseko Zinemalditik eta zinema-aretoetan erakutsi ondoren, Paul Urkijoren Gaua pelikuleak hiru izentapen lortu ditu: Efektu Berezi Onenak, Jantzien Diseinu Onena eta Makillaje eta Ule-apainketa Onena.

Bestalde, Alberto Vazquezek gorenera eroan dau euskal animazinoko zinegintzea beste behin be: Decorado filma Animazinoko Film Onenaren saria irabazteko lehian izango da. Pelikuleak hainbat sari jaso ditu eta ospe handiko jaialdietan parte hartu dau; eta animazinoko euskal zinemea nazinoartean zabaltzen lagundu dau.

Honako honeek be izentau ditue: La tregua, Miguel Ángel Vivas (Makillaje eta Ule-apainketa Onena); El talento, Polo Menárguez (Jatorrizko Musika Onena); ¡Caigan las rosas blancas!, Albertina Carri (Jatorrizko Abesti Onena); Eloy de la Iglesia, adicto al cine, Gaizka Urresti (Film Dokumental Onena); Balearic Ion de Sosa (Zuzendaritza Barri Onena); Zona Wao, Nagore Eceiza (Film Dokumental Onena) eta La misteriosa mirada del flamenco, Diego Céspedes (Film Iberoamerikar Onena).

Azkenik, aitamen berezia merezidu dau euskal emakumezko aktore emonkorrenetako batek, Elena Iruretak, Bigarren Mailako Emakumezko Aktore Onenaren Sarirako hautagai izango baita Sorda filman egindako lanagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu