Anitua, Zelaia, Bera Bera, Etxeondo, UNRWA eta Atutxa, Sabino Arana 2025 Sariak
2026-01-13 13:46 KultureaSariak urtarrilaren 25ean emongo ditue, Bilboko Arriaga Antzokian.
Eduardo Anitua mediku, ikertzaile eta zientzialari gasteiztarrak; Enrike Zelaia musikari, musikagile eta folkloristeak; Bera Bera Eskubaloiak; Etxeondo enpresak; Ekialde Hurbileko Palestinar Igeslarientzako Nazino Batuen Agentziak (UNRWA); eta Juan Mª Atutxak jasoko dabe 2025eko Sabino Arana Saria urtarrilaren 25ean, 12:00etan, Bilboko Arriaga Antzokian egingo dan ekitaldian.
Arantxa Tapia Sabino Arana Fundazinoaren presidenteak eta Ignacio Etxeberria Fundazinoaren idazkariak XXXVII. edizinoko saridunen merezimenduak adierazo ditue. Guztira, 1989tik, 215 lagun eta erakundeek jaso dabe saria.
Sabino Arana sariak urtero emoten dira, euskal abertzaletasunaren sortzailearen jaiotzearen urteurrena dala-eta. Holan, gizartearen alde egindako lan eta gaitasunagaitik nabarmendu diran persona, erakunde edo kolektibo ospetsuak autortzen ditue.
Sabino Arana Fundazinoak Eduardo Anitua doktorearen ibilbide bikaina nabarmendu eta autortu gura dau. Ondokoa adierazo dau Tapiak: munduko erreferente esanguratsuenetakoa dalako ahoko inplantologian eta medikuntza birsortzailean.
Stanford Unibersidadeak pasetan dauen Ranking of the World Scientists zerrendeak bermatzen dau Anituaren nazinoarteko ospea. Halanda ze, zerrenda horren arabera, munduan gehien aitatzen diran eta eragin handiena daben zientzialarien % 2ren artean dago; gainera, munduko odontologo garrantzitsuenetako bat da. Beste alde batetik, Gasteizen egoitza daukan BTI Biotechnology Institute erakundearen sortzaile eta zuzendari zientifikoa da, nabarmendu dau Fundazinoaren presidenteak.
Enrike Zelaia musikari, konpositore eta folklorista nekatuezina be autortu gura dau Sabino Arana Fundazinoak. Soinu-musikearen eta kulturearen bitartez euskal nortasuna ikertzen, berreskuratzen eta zabaltzen egindako lan oparo eta funtsezkoagaitik. Enrikeren bizitea etenbako konpromisoa izan da berezko tradizino eta balio kulturalak bizibarritzeko ikerlanean, nabarmendu dau Arantxa Tapiak.
Zelaiak ekarpen bikotxa egin deusku: identitarioa (eragile nagusia izan da Altsasuko aratusteak berreskuratzen eta hango momotxorroak nazinoartekotzen) eta musikala, hauspo edo eskusoinu herrikoiaren aurrekaririk bako errepertorio musikala sortu, duindu eta zabaldu dauelako, Zazpiak Bat antologiaren bidez, adierazo dau Tapiak.
Datorren urtarrilaren 25ean, Sabino Arana Fundazinoak Bera Bera Eskubaloiari emongo deutso saria: emakumezkoen kirol-talde horrek izan dauen ibilbide bikainagaitik. Donostian, 1983an, sortu zanetik, emakumezkoen eskubaloiaren erreferentea izan da Bera Bera Eskubaloia eta palmares parebakoa dau klubeak (9 liga, 8 kopa eta 10 superkopa), Donostiaren, Gipuzkoaren eta Euskadiren irudia sustatu dau nazinoarteko kirol-esparruan.
Era berean, Sabino Arana Fundazinoaren presidenteak taldearen konpromisoa nabarmendu dau: balio etikoak lantzeko, esaterako prestakuntzea, aukera-bardintasuna, esfortzua, diziplina eta talde-lana lantzeko. Horregaitik guztiagaitik, Bera Bera eredu konbertidu da kirolarien belaunaldi barrientzat eta funtsezko eragilea da gure emakumeen kirola ikusarazoten Euskadin.
Sabino Arana Fundazinoak autortzea egin gura deutso be Etxeondori, 1976. urtetik ehungintzako jakintzea eta txirrindularitzearen grina buztartu dituan enpresa gipuzkoarrari, gaur egun goi-mailako kirol-modearen nazinoarteko erreferente izanik. Etxeondoren ibilbide eredugarria, kalidadean, etenbako barrikuntzan eta jantzi bakotxaren artisau-babesean oinarritua, lagungarria izan da kirola duintzen eta euskal industria mundura hedatzen, nabarmendu dau Tapiak.
Beste alde batetik, Ekialde Hurbileko Palestinar Igeslarientzako Nazino Batuen Agentziak (UNRWA) Sabino Arana Saria merezi dau: 1949. urtean sortu zanetik justiziaren, bakearen eta giza eskubideen defensearen alde izan dauen konpromisoagaitik. Erakundearen funtsezko eginkizuna, hau da, miloeka igeslari palestinarren hezkuntza, osasuna eta babesa bermatzea, guztiz bat dator euskal abertzaletasunaren tradizino humanista, solidario eta demokratikoagaz, gehitu dau Tapiak.
Juan Mª Atutxak Euskadiren alde egindako lana eta dedikazinoa autortu gura ditu Fundazinoak: ibilbide instituzional bikainagaitik, indarkeria garaian erakutsi eban kemenagaitik, bizikidetza demokratikoaren aldeko apustuagaitik eta Sabino Arana Fundazinoan buru-belarri ibili izanagaitik, Juan Mª Atutxak hobeto ezinean barruratzen ditu Sabino Arana Sariari jagozkion balioak, azpimarratu dau Fundazinoaren presidenteak.
Sabino Arana Fundazinoko idazkariak, Ignacio Etxeberriak, sarituak aukeratzeko egiten dan bozketa-prozesua adierazo dau. 2025ekoa irailaren 22an hasi eta Patronatuak zemendiaren 11n egindako batzarrean amaitu zan, saridunen behin betiko zerrendea berretsiz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
