'Leiho Morea' webgunea aurkeztu dau Elhuyarrek
2026-01-13 12:20 Pil-pileanFeminismoaren esparruko edukiak ulertzeko, sortzeko eta ikertzeko tresnea.
Gaur goizean, hilak 13, aurkeztu dabe Leiho Morea webgunea Elhuyarren, Usurbilgo egoitzan. Itziar Cortés Etxabe Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia Unidadeko koordinatzaileak eta Margaret Bullen EHUko Bardintasunerako zuzendariak berba egin dabe, halako proiektu batek gizartean dauen garrantzia azpimarratuz. Halanda ze, bardintasun errealerako eta gizarte justu baterako bidean, ezinbestekoa da diskurso feministan jorratzen jarraitzea eta diskurso hori oinarri terminologiko sendo eta koherente bategaz eregiteko baliabideak herritar guztien eskura jartea. Alde horretatik, Leiho Moreak bardin balio dau feminismoari begiratzeko eta munduari feminismotik begiratzeko.
Leiho Morea konsultarako baliabidea da (https://leihomorea.eus/), feminismoaren esparruko euskerazko edukiak batzen dituana. Eremu horretako kontzeptuak ulertzeko eta diskursoak sortzeko, itzultzeko eta ikertzeko ezinbestekoak diren atal bi ditu: hiztegia (terminoak eta definizinoak kontsultetako) eta idatzizko zein ikus-entzunezko edukien corpusa edo bildumea (terminoen eta bestelako edukien konsultea egiteko).
Lehen atala 2020an aurkeztutako Feminismoa eta Bardintasuna Hiztegiaren jarraipena da. Bertan, oinarrizko kontzeptuak batu ziran eta aurrerantzean kontzeptu gehiago eta adierazgarriagoak gehituko dira. Holan, euskerazko terminoak finkatzen eta kontzeptuen definizinoak zehazten jarraitzeko bidea emongo dau.
Bigarren atalari jagokonez, Leiho Moreak modu biko edukiak batzen ditu: idatzizkoak (liburuak, prentsa-artikuluak, artikulu akademikoak, gidak...) eta ikus-entzunezkoak (podcastak, jardunaldi feministak...). Helburua da feminismoaren alorreko edukien bilduma esanguratsua sortzea eta baliabide hori erabilgarria izatea hizkuntzeagaz eta edukiagaz lotutako askotariko konsultak eta ikerketa-lanak egiteko.
Leiho Morea herritar guztiei zuzenduta dago, edozeini sortu ahal jako arlo horretako berba baten esanahia argitzeko beharra edo diskurso feministan kontzepturen bat euskeraz zelan erabilten dan jakiteko nahia. Edozelan be, batez be, baliagarria da ohiko jardunean feminismoagaz lotutako edukiak sortzen ibiltzen diranentzat: mobimendu feministako kideak, kazetariak, idazleak, itzultzaileak, podcast-egileak, unibersidadeko ikasle eta irakasleak, ikertzaileak, bardintasun-teknikariak, politikariak… Bestalde, hizkuntzalariei zuzenduta be badago, corpusaren atala euskerearen azken urteetako bilakaera aztertzeko iturria da-eta.
Babesleak eta laguntzaileak
Egitasmo horrek babesle nagusi bi ditu: EHUren Bardintasunerako Zuzendaritza eta Deustuko Unibersidadea. Bestalde, EIZIE Alkarteak eta EHUren Euskara Institutuak proiektuaren oinarria jorratzen lagundu dabe, baita edukiak aukeratzeko erispideak lantzen be.
Halanda be, bilduma horren oinarrian edukiak dagoz, eta, alde horretatik, aitatzekoak dira euren lanak eskuzabaltasunez Leiho Morearen esku jarri dituen sortzaileak eta eragileak. Batetik, obra idatzien egile eta itzultzaileak eta ikus-entzunezko edukien sortzaileak. Bestetik, argitaletxeak, hedabideak eta bestelako alkarteak: Berria, EHU, EITB, Elkar, Emagin, Hamaika Telebista, Iñurri Elkartea, Jakin, Katakrak, Susa, Txalaparta, UEU, Argia…
Aurrerantzean be eragile horreen azken lanak eta beste batzuen edukiak gehituko dira. Gainera, bilduma horretatik ateratako kontzeptu barriak hiztegiratzeko lanak be egingo dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
