'Muriel ou le Temps d'un retour' filmak edegiko dau 'Classique = Moderne' zikloa

Bizkaie! 2026-01-13 08:39   Zinemea

Gaur, hilak 13, Azkuna Zentroan proiekzino bi atondu ditue: 17:00 eta 19:30ean.

Delphine Seyrig ('Muriel ou le Temps d'un retour'). | Ikusi handiago | Argazki originala

Azkuna Zentroak, Classique = Moderne zikloaren hirugarren eta azken zatia programau dau, Bilboko Zinematekearen 40 urteak gogorarazoten dituana. Zikloa serie bezela atondu da 3 urtez: 2024, 2025 eta 2026, José Julián Baquedanogaz batera. Aukeratutako 37 filmak ezinbestekoak dira, zinemearen historian daben garrantziagaitik.   
 
Zikloak formatu analogikoaren erabilerea nabarmentzen dau eta zeluloidezko proiekzinoak eta digitaleko erakustaldiak buztartzen ditu. 

Atontzaileek ondokoa adierazo dabe: gaur egun zinema klasiko bezela ulertzen dana garai batean proposamen garaikidea izan zan, askotan iraultzailea edo urratzailea. Halanda ze, aukera narratibo, tekniko eta estetiko barriak edegi zituan. Era berean, gaur egun modernotzat edo barritzailetzat joten dana tradizino baten parte konbertiduten da.

Erispide horreek kontuan hartuta, ondoko bederatzi maisulan izango ditugu ikusgai:   

  • Urtarrilak 13 (17:00 eta 19:30): Muriel ou le Temps d'un retour (Alain Resnais, 1963).
  • Urtarrilak 20 (17:00 eta 19:30): The Bank Dick (W.C. Fields, 1940).
  • Urtarrilak 27 (17:00 eta 19:30): Vargtimmen (Ingmar Bergman, 1968).
  • Zezeilak 3 (17:00 eta 19:30): El sur (Victor Erice, 1975).
  • Zezeilak 10 (17:00 eta 19:30): Freaks (Tod Browning, 1932).
  • Zezeilak 17 (17:00 eta 19:30): 2001: A Space Odyssey (Stanley Kubrick, 1968). 
  • Martiak 3 (17:00 eta 19:30): Letter from an unknown woman (Max Ophüls, 1948).
  • Martiak 10 (17:00 eta 19:30): Tulitikkutehtaan Tyttö (Aki Kaurismäki, 1990).
  • Martiak 17 (17:00 eta 19:30): Faces (John Cassavetes, 1968).

Zinematekearen historia

Bilboko Zinematekea 1983ko urtarrilean jarri zan martxan Bilboko Arte Ederren Museoan. Zinematekea sortu zan kultura zinematografiko klasikoa eta garaikidea zabaltzeko asmoz, film ezezagunak edo publikoak eskuratzeko errazak ez ziranak erakutsiz. Beti jatorrizko bersinoan, interpretazinoan ahotsak dauen garrantzia balioesteko, adierazo dau José Julián Baquedanok.  

2011n, Alhondiga Bilbaoren parte konbertidu zan Zinematekea. Ordutik, eskainitako filmen zerrendea ia amaibakoa da. Azken 12 urteetan 70 ziklo baino gehiago programau dira eta ia 80.000 ikuslek parte hartu dabe. Azpimarratzekoak dira zinemagile batzuen filmografia aztertzeko eskainitako zikloak: John Ford, Stanley Kubrick, Orson Welles, François Truffaut, Ingmar Bergman, Jean Cocteau, Alfred Hitchcock, Fritz Lang, Pier Paolo Pasolini, Federico Fellini, Luis García Berlanga eta Akira Kurosawa. 

Monografikoen programazinoari jagokonez, batez be, nabarmentzen dira Dorothy Arzner, Christine Bachon Iciar Bollain eta Isabel Coixet errealizadoreen atzera begirakoak. 

Classique = Moderne Zinematekearen historia barria inflexino-puntua da garai guztietako zinemako onena pantaila handian eta jatorrizko bersinoan eskaintzen jarraituko dauen ibilbidean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu