Euskadiko zinema-aretoek % 3 murriztu dabe diru-batzea

Bizkaie! 2026-01-09 12:48   Zinemea

Los domingos 2025eko bigarren film ikusiena izan da.

2025ean, EZAEko zinema-aretoek beherakada txikia izan dabe sarreren salmentan eta ikusle kopuruan. Datuek agirian itxi dabe pandemiaren ondoren hasitako susperraldi prozesua eten egin dala. Halanda be, zine-aretoek kulturea eta topagune bezela daben zereginari eusten jarraitzen deutse, Euskadiko eta Europako produkzinoei babesa emonez. 2025eko datu nabarmen bezela, euskal produkzinoa daben film bi urteko 10 ikusienen artean kokatu dira, nazinoarteko superprodukzinoakaz lehian. Halanda ze, Los domingos urteko bigarren film ikusiena izan da Euskadin.

Euskadiko aretoek % 3 baino ez dabe murriztu diru-batzea 2024 urteagaz alderatuta, 23.366.000 eurotik 22.694.000 eurora igaro da-eta. Halanda be, ikusle kopurua % 6 jatsi da, 3.421.000tik 3.231.000ra. Hau da, 2025eko balantzea 2024koaren oso antzekoa da: ikusleen murrizketea txikia izan da eta diru-batzeari nahiko egonkor eutsi jako. Bilakaera horrek erakusten dauenez, pandemiaren ondorengo urte bitan bizitako bultzada handiaren ondoren, sektorea egonkortze-fasean dago, baina 2019ko zifretatik urrun oraindino. Euskadiko datuak Estaduko batez bestekoaren antzekoak dira; beraz, horrek erakusten dau zine-aretoen joerea orokortuta dagoala.

Lurraldeka, Arabak 2025ean 3.443.000€ batu ditu, Gipuzkoak 7.514.000€ eta Bizkaiak 11.737.000€.

Euskal zinemea eta publikoaren erantzuna

Azken urteko datu garrantzitsuenetako bat da Euskadin gehien ikusi diran hamar filmen artean euskal produkzinoa daben bi dagozela. Datu bezela, 370.000 ikusle baino gehiago hurreratu dira Euskadiko aretoetara euskal produkzinoak ikustera, hau da, ikuslego osoaren % 11.

Los domingos bigarren film ikusiena izan da. Ondoren kokatu da Maspalomas, 10. postuan (Gipuzkoan, bigarren).

Hain zuzen be, Euskadiko, Europako eta euskerazko zinemea bertako publikoari hurreratzeko asmoz, EZAEk Aretoetan, zinema beti handi kanpainea jarri eban martxan 2025. urtearen amaieran. Besteak beste, lehen Zinemearen Euskal Festea atondu zan prezio sinbolikoan eskainitako sarrerekaz. Gainera, proiekzino ziklo bi egin ziran. Kanpainea 25 zinema eta 87 pantailatan jorratu da eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzea izan dau. 

Euskadiko film ikusienak

Euskadin, 2025ean arrakasta gehien izan daben 10 filmak ondokoak dira: 

  • 1. Lilo y Stitch.
  • 2. Los domingos.
  • 3. Avatar: Fuego y ceniza.
  • 4. Jurassic World: El Renacer.
  • 5. Minecraft film bat.
  • 6. Zootropolis 2.
  • 7. Como entrenar a tu dragón.
  • 8. Padre no hay más que uno 5.
  • 9. Mufasa: El rey león.
  • 10. Maspalomas.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu