Gaur, hilak 7, hasiko da 'Zinema eta Zientzia' zikloa
2026-01-07 13:30 ZinemeaEl planeta de los simios filmagaz.
Martxan da Zinema eta Zientzia zikloa. Bederatziagarren edizinoak, munduagaz dogun hartu-emonez eragina izan daben gai zientifiko eta humanistiko garrantzitsu batzuk aztertzera konbidetan ditu ikus-entzuleak. Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Center-ek (DIPC) eta Donostiako Zinemaldiak atonduta, zikloa haren ohiko egoitzetara bueltauko da Gasteizen (Artium Museoa), Donostian (Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroa), Bilboko Arte Ederren Museoan (gaur egun EHUko Bizkaia Aretoa-Sala Mitxelena), Iruña (Golem Baiona zineman) eta Donibane Lohitzunen (Cinéma Le Sélect).
Holan, jakinarazo dabe gaur, hilak 7, Tabakaleran egindako prentsaurrekoan Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak; Juan Ignacio Pérez Iglesias, Zientzia, Unibersidade eta Barrikuntza sailburuak; Joxean Fernández, Euskadiko Filmategiko zuzendariak; eta Ricardo Díez Muiño, DIPCko zuzendariak. Era berean, Pedro Miguel Etxenike, DIPCko presidentea; Miguel Zugaza, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria; Maialen Beloki, Donostia Zinemaldiko zuzendariordea; Beatriz Herráez, Artium Museoko zuzendaria eta Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendari nagusia izan dira.
Hasteko, Bengoetxeak erakunde eta agenteen arteko alkarlana nabarmendu dau: kulturea eta zientzia gizarte kohesinorako tresna bi dira. Proiektu honetan, biak batu egiten dira ezagutzea, pensamendu kritikoa eta gizarte-baloreak eregiteko. Zientzia eta zinea lotzen diranean, zientzia hizkuntza irisgarria konbertiduten da, gertukoa eta ulergarria.
Pérez Iglesiasek esan dauenez: zientzia, jakina, norberak topetea espero dauen tokian agertzen da. Zinemeak, barriz, fenomeno naturalak, animalien jokabideak, giza ezaugarriak, personen arteko hartu-emonak, gizarte-aldaketak eta gatazkak erakusten deusku.
Díez Muiñok, barriz, ondokoa azpimarratu dau: filmak aurrerapen zientifiko eta teknologikoei aurre egitean giza adimenean agertzen diran idea, kezka, interes, utopia eta distopia askoren isla eta biztugarri dira. Fikzinoko obrek oso arazo konplejuak humanizatu leikete, ikuspegi tekniko hutsaz lako ikuspegiak proponiduz.
Fernandezek gogorarazo dau zikloaren espiritua bere horretan eusten dala hasieratik: -Zinema eta Zientzia- zikloaren bitartez ikusten dogu hizkuntza zinematografikoak zientziaren edertasuna erakusten dauela.
Filmak
Zikloa gaur bertan hasiko da Gasteizen, El planeta de los simios filmagaz. Zientzia-fikzinoaren iraultzaile klasikoa da eta gizateriaren aurrerakada eta atzerakadei eta bilakaera autoridarioei buruz hausnartzeko aukerea emoten dau. Juan José Gómez Cadenas DIPCko fisikari, idazle eta Ikerbasque irakasle ikertzaileak aurkeztuko dau gaur arratsaldeko saioan eta bihar Iruñekoan; Donostian (hilak 9) eta Bilbon (hilak 10), barriz, Pedro Miguel Etxenike Asturiasko Printzearen Saria eta DIPCko lehendakariak aurkeztuko dau.
Lehen proiekzino horren ondoren, Haur basatia filma izango da ikusgai, François Truffaut zuzendari frantsesak filmau eban ume basati baten istorioa. Bestalde, Sare soziala filma David Fincher zuzendariaren eta Aaron Sorkin gidoilariaren sare sozialen jatorriaren erretratua da.
Animalien portaerearen eta arrisku kolektiboaren lurraldera be bidaiatuko dau zikloak Hitchcocken Los pájaros filmagaz. Era berean, Emakumeak Zientzian programearen barruan, Sisters with Transistors filma proiektauko dabe.
Dimensino biologiko eta etikoa indar bereziz agertuko da La mosca filmean, Cronenbergen drama, mutazinoari, gorputzaren mugei eta esperimentazinoari buruzko hausnarketa ahalbidetuko dauana.
Umorea, barriz, Irakasle Zoroaren eskutik helduko da: La Voie Royalek, barriz, matematikea jorratzen dau.
Amaitzeko, zikloa bizitearen amaierari buruzko hausnarketan sartuko da Los destellos filmagaz; Europako akorduan Hirugarren gizonagaz; gogoeta antropologikoan La balada de Narayamagaz; eta sensibilidade ekologiko eta futuristan Nausicaä del Valle del Vientogaz. Azken horrek zarratuko dau edizinoa eta, era berean, Donostia, Bilbo eta Gasteizko eskola-saioen protagonista izango da.
Aurkezpenak
Film bakotxa DIPCko, EHUko, ikerketa-zentroetako eta biologia, kimika, akustika, antropologia edo filosofia lako esparruetako espezialistek aurkeztuko dabe.
Hain zuzen be, aurkezleak lehenago aitatutako Pedro Miguel Etxenike eta Juan José Gómez Cadenas izango dira; horreez gan, ondoko honeek parte hartuko dabe: Amaia Carrión-Castillo (Hezkuntza Neurozientzian eta Garapenaren Nahasmenduetan Ikerbasque ikertzailea BCBLn); Antonio Casado da Rocha (EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saileko ikertzaile iraunkorra); Juan Ignacio Pérez Iglesias (Biologian doktorea, EHUko Fisiologiako katedraduna eta gaur egun Eusko Jaurlaritzako Unibersidade, Zientzia eta Barrikuntzako sailburua); Gabriel Berasategui (biologoa); Mónica Bello (Arts at CERNeko zuzendari ohia); Lorea Argarate (teknologoa, dibulgatzailea eta musikaria, Gladys saria jaso dauena); Ginés Morata (biologoa eta Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiasko Printzesa Saria); Beatriz Díaz (Biologian doktorea eta entomologian aditua, gaur egun Aranzadin dabil); Xabier López (kimikaria, EHUko katedraduna eta DIPCko kide alkartua); Eva Ferreira (Ekonomia Aplikatuko katedraduna eta EHUko errektore ohia); Ander Urrutikoetxea (Osakidetzako Gipuzkoako Minbizi Unidadeko onkologoa eta GEICAMeko presidentea); Pilar Palomero (zinema-zuzendaria eta gidoilari ospetsua); Itziar Alkorta (Biokimikan doktorea EHUn ); María Jesús Goikoetxea Iturregui (Giza Eskubideetan doktorea); Aitzpea Leizaola (Gizarte Antropologian doktorea eta EHUko Antropologiako master ofizialeko zuzendaria); Ibone Ametzaga (EHUko Ekologiako irakaslea) eta Bosco Imbert (Nafarroako Unibersidade Publikoko Ekologiako ikertzaile eta irakaslea).
Programea Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean proiektauko da. Donibane Lohizunen, barriz, Haur Basatia, Sare soziala, La mosca, Hirugarren gizona, La balada de Narayama eta Nausicaä del Valle del Viento ikusi ahal izango dira.
Beste jarduerak
Zinema eta Zientzia zikloaren bederatzigarren edizinoak jarduera paraleloak be hartzen ditu. Alde batetik, zezeilaren 12an, 18:00etan, Tabakalerako Z Aretoan, hau da, Donostian La mosca filmaren proiekzinoaren aurreko egunean, Ginés Morata biologoak, 2007an Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiasko Printze Saria jaso ebanak, hitzaldia eskainiko dau.
Bestalde, martiaren 6an, 18:00etan be, Tabakalerako Z aretoan eta Biogipuzkoagaz lankidetzan, El final de la vida: literatura, cine y ciencia izeneko mahai-ingurua egingo da, Pilar Palomero eta Ander Urruticoechea protagonista dirala.
Sarrerak Tabakalerako, Artium Museoko, Bilboko Arte Ederren Museoko webguneetan eta leihatiletan, baita Le Sélect eta Golem-Baiona zinemenetan be, eskuratu ahal izango dira. Sarrera bakotxaren prezioa 3,50 eta 6 euro bitartekoa izango da. Horrezaz gan, hitzaldia eta mahai-ingurua doban izango dira.
Informazio guztia hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
