Badator XX. Errosko Solidarioaren Jaia

Bizkaie! 2026-01-02 13:00   Pil-pilean

Batutako diru guztia Beningo Vida para Todos Fundazinora bideratuko da.

Mungiako Udalak Errosko Solidarioaren Jaia ekimen solidarioaren hogeigarren edizinoa atondu dau datorren urtarrilaren 5ean. Hitzordu tradizional horren helburua da egoera ahulean dagozen persona edo kolektiboen alde lan egiten daben erakunde, proiektu edo kausei laguntzeko dirua batzea. Holan, datorren urtarrilaren 5ean, 17:00etatik aurrera, erregeen errosko zatiak banatuko dira Andra Marin txokolate beroagaz lagunduta, euro bat eta berrogeita hamar zentimoan. Ekimen horren bidez lortzen diran onura eta dohaintza guztiak Beningo Vida para Todos Fundazinora bideratuko dira.

Hogei urteko konpromiso solidarioa

Edizio honetan batutako dirua Beningo Vida para Todos Fundazinora bideratuko da. Mungiako Udalak dauela gitxi atondu dau Afrikako herrialdean proiektu ugari jorratzea ahalbidetu dauen lankidetza solidarioaren hasieraren 20. urteurrena. Urte honeetan sustatutako proiektuen artean, nabarmentzekoak dira Sirarou eskualdean emakume kooperatibea sortzea, baita Banikoara eskualdean ospitalea eta eskolea eregitea eta hornitzea be.

Mungiako Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzi Bakarne Egiak adierazo dauenez: Errosko Solidarioaren Jaia Mungiako konpromiso solidarioaren adibide da. Hogei urte dira tradizinoa, herritarren parte-hartzea eta nazinoarteko lankidetza batzen, milaka personaren bizi-baldintzak benetan hobetzen dituen proiektuak babesten. Urtero lez, Mungiako herritarrek ekimen solidario horren bidez egiten daben dohaintzaz gain, Udalak bikoiztu egingo dau errosko eta txokolatearen banaketan lortzen dan kopurua.

Erroskoa

Erroskoak 60 metro ditu. Mungiako okindegi/gozotegi bik egingo dabe, Udalaren enkarguz. Horretarako, 90 kilo irin, 360 arrautza, 30 kilo gurin, 6 kilo legamia eta 18 kilo azukre erabiliko dira.

Bestalde, Txulalai taldeak umeentzako animazinoa eskainiko dau. Gainera, persona VIPak egongo dira erroskoa bertaratzen diranen artean banatzen laguntzeko, esaterako, Enara Gaminde pilotaria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu