Kortezubiko udalak 'Kortezubi 1900-1945' liburua aurkeztu dau

Bizkaie! 2025-12-22 07:58   Kulturea

Proiektuaren helburua da herriko memoria historikoa berreskuratzea.

Karmele Enbeita eta Patxi Juaristi. | Ikusi handiago | Argazki originala

Kortezubiko Udalak Kortezubi 1900-1945 proiektua jarri eban martxan 2021eko martian, herriko memoria historikoa babesteko eta gerra zibilearen eta frankismoaren garaiko herriaren errealidadea ezagutarazoteko. Herriko memoria historikoa berreskuratzeko lana, Kortezubiko bizilagunen parte-hartze parebakoagaz jorratu da. Ikerketa-proiektu horren emoitza izan da Kortezubi 1936-1945 liburua, Patxi Juaristi EHUko irakasle, euskaltzain urgazle eta Gabriel Aresti Katedraren zuzendariak idatzi dauena.

Liburuan jasotako testigantzak, argazkiak eta dokumentuak, gehienak Kortezubiko familiek ekarriak, urte latz horreetan sufridu ebenak, tresnea dira gure seme-alabek eta lobek garai gogor horreetan hemen zer jazo zan jakin daien bermatzeko. Gure eskubideak aldarrikatzen doguz, gure gurasoek, osaba-izekok, aitite-amumek… jasan ebezan gertaera traumatikoak salatzen doguz... Euren idealen alde burrukan bizia galdu ebenen edo dana galdu ebenen akordua eta duintasuna bizirik eusteko modua da. Hareei esker gara gaur egun garena. Gure ustez, akorduak etorkizuna eregiteko balio behar dau, gure aurrekoek garai hatan bizi izandako egoera latzak errepika ez daitezan. Aurrera egin behar dogu, alkarregaz biziten ikasi, desbardin pentsetako eskubidea autortu eta giza eskubideak errespetau, adierazo dau Karmele Enbeita Kortezubiko alkateak.

Proiektuaren helburua Kortezubin gerra zibilean eta lehen frankismoan jazotakoa ikertzea izan da, herritarren laguntzagaz eta Patxi Juaristi ikertzailearen lan tekniko zorrotzagaz. Izan be, urte horreetan Giza Eskubideak sistematikoki eta instituzinonalki urratu ziran, eta ia ez dago idatzitako dokumentazinorik. Horretarako, garai hatako bizipenak, akorduak, dokumentuak eta/edo testigantzak ahanzturatik atera behar izan dira, herriko memoria historikoa berreskurau eta gorde behar izan da, ezinbesteko pausua biktimen eta biktima kortezubitarren senideen akordua konpontzeko, baita euskal herritar guztien memoria historikoa berreskuratzen laguntzeko be.

Patxi Juaristik, EHUko irakaslea eta liburuaren egileak ondokoa nabarmendu dau aurkezpenean: eskertute nago zelako eskuzabaltasunez hartu deustien, izan be, herritarrek artxiboetan topaten ez dan informazinoa emon eusten. Helburua izan da gerra zibilen gertatu zana ikertzea, ezagutzea eta kontetea, sufridu eben guztiak gogoratzea eta ez ahaztea, eta baita gerrari buruz pentsatzea be, gerrak ze eragin gatx dekien geure bizitetan. Ez da lan erreza izan, jente askok ondino be gai honi buruz berba egiteko zailtasunak daukezelako. Hau kortezubitarren ondarea da. Kortezubik oso patrimonio aberatza dauka, patrimonio material eta inmaterial ederra. Gerra zibileko memoria hau Kortezubiko patrimoniaren parte da ta patrimonio horren barruan gorde behar da liburuan agertzen dana.

Bilketa eta ikerketa prozesu gogor baten ondoren, azkenean herriko memoria historikoa berreskuratzeko proiektua Kortezubi 1900-1945 argitalpenean jorratu da. Udalak aurreikusi dau liburua herriko liburutegi-funtsean sartzea eta han egongo da eskuragarri konsultau gura daben persona guztientzat. Gainera, argitalpena udaletxean egongo da salgai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu