Barrena Komunikazino Taldea sortu dabe

Bizkaie! 2025-12-22 11:09   Kulturea

Debabarreneko albisteak jorratuko dituan komunikazino proiektua.

Kalean da Barrena, Debabarreneko informazino lokala jorratuko dauen komunikazino proiektua. Produktu bi kaleratuko ditu: barrena.eus atari digitala eta Barrena astekaria.

Barrenak orain arte eskualdean jardun daben Barren (Elgoibar-Mendaro), Pil-Pilean (Soraluze), Berriketan (Deba) eta DrogeteniBurri (Ermua-Mallabia) proiektuen baturea da. Proiektuaren gorabeherak nabarmendu ditue: egitura indartsuagoa eta profesionalagoa izango dau: eduki multimedia gehiago eskainiz, urrunago zabaltzeko aukerea emongo deutse komertzioei eta, batez be, difusino eta inpaktu handiagoa izango dau debabarrendarren artean. Dauen dimensinoagaitik, -Barrena- izan daiteke azken urteotan Debabarrenean euskerea bizibarritzeko egin dan ekimenik garrantzitsuenetakoa.

Pil-pilean Herri Komunikabideko kazetari eta Barrena proiektuaren sustatzaile dan Egoitz Unamunok be holan adierazo dau: eskualdean erreferente izango dan komunikabidea sortzea, zabala eta sendoa, izango dauena gaitasuna gaur eguneko euskarrietara egokitzeko eta eskainiko deutsena debabarrendar guztiei bailara osoko informazinoa euskeraz papelean eta digitalean. Debababarrendar guztiok dogu eskubidea jasoteko euskeraz ondoko herrietako barri eta -Barrena-k hori eskainiko dau Debabarrenean, lehen aldiz euskeraz.

Unamunok egiaztau dau Barrena Komunikazino Taldeak eskualde osoko hedabide izateko bokazinoa dauela eta datozen hilabeteetan ahalegin guztiak egingo dituela alkarlana bideratzeko bailarako ahalik eta eragile gehienekaz. Bide horretan, Barrenak lankidetza hitzarmena sinatu barri dau Eibarko Arrate Irratiagaz, eta ondorioz, irratiko programa esanguratsuenak barrena.eus webgunean be entzun ahalko dira.

Gobernantza publiko-soziala

Proiektuari aurre egiteko, Ermuko, Soraluzeko, Elgoibarko eta Debako euskera alkarteen artean Barrena Komunikazinoa Koop. S., irabazi asmorik bako konsumo kooperatiba soziala sortu dabe. Jaubetza nagusia bazkide erabiltzaileena (euskera alkarteena) izango dan arren, asmoa dabe kooperatibearen gobernantzara beste hanka bi gehitzeko: langileak eta udalak. Holan, 2026an langileak kooperatibako lan-bazkide egingo dira eta udalak be konbidauko ditue kooperatiban parte-hartu deien, bazkide laguntzaile figurearen bitartez. Halanda ze, Barrena izaera publiko-sozialeko kooperatibea izango da.

Barrenakide egiteko aukerea

Amaitzeko, Barrenak hedabidearen komunidadeko kide egiteko aukerea eskainiko deutse herritarrei Barrenakide figurearen bitartez. Holan, herritarrek Barrenakide eginez aukerea izango dabe hedabideari lagundu eta era berean, hedabideak haren komunidadeko kideei eskainiko deutseen abantailak eskuratzeko: premium zerbitzuak, deskontuak, zozketak... 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu