Laukizko Eskola Txikiaren alde

Bizkaie! 2025-12-22 08:55   Kulturea

Eskola Txikiak kohesino soziala eta tokiko identidadeari eusteko espazioak dira.

Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Laukizko Eskola Txikiaren (Beheko Eskola) 100. urteurreneko ospakizunen azken jardunaldian parte hartu dau. Ekitaldia Laukizko Udalak atondu dau eta hezkuntza-komunidadea, erakundeetako ordezkariak eta herritarrak batu ditu, eskolearen ibilbide historiko eta soziala balioan jarteko. Sailburuaz gan, Laukizko alkate Gorka Elgezabalek, Beheko Eskolako zuzendari Miren Karmele Hurtado de Saratxok eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendari nagusi Isaac Amezagak parte hartu dabe.

Jardunaldian zehar, Hezkuntza sailburuak, Laukizko alkateagaz batera, Auzo Eskola 73 Mentxaketa zeramikazko kartela erakutsi dau, 1925eko jatorrizko diseinuan oinarritua eta ikastetxearen gomuta historikoa berreskuratzeko helburuaga sortua. Era berean, mendeurrenaren harian azken hilebeteetan egindako ekintzen balantzea egin da, eta eskolearen ibilbideari eta komunidadean izan dauen eraginari buruzko bideo bat proiektau da. Eguna amaitzeko, herri bazkaria egin da, eta ospakizun hori eskolako ikasgeletatik igarotako hainbat belaunaldiren artean konpartidu ahal izan da.

Pedrosak nabarmendu dauenez, ehun urte honeetan neska-mutilen belaunaldiak hazi dira hemen, familia askok konfidantzea izan dabe eskola honetan, eta istorio asko hasi dira horma honeen artean. Sailburuak Laukizko Eskolea gertuko eskola publikoaren eredu dala esan dau, inguruan errotua eta personak ardatz dituana, eta eskola txikien ereduari balioa emon deutso, balore oso argiak dituan eredua dirala baieztatuz: hurbiltasuna, komunidadea eta ekidadea.

Arlo horretan, Pedrosak eskola txikien eginkizuna defendidu dau Eusko Jaurlaritzaren lehentasun lez, eta gizarte eta lurralde-kohesinoari, inguruari eta tokiko nortasunari errotzeari, eskola publikotik aukera-bardintasunari egiten deutsen ekarpena nabarmendu, bai eta euskerea ikasteko eta alkarbizitzarako hizkuntza lez sustatzeko egiten daben ekarpena be.

Mendeurrena zarratzeko ekitaldian, sailburuak azpimarratu ondokoa azpimarratu dau: hezkuntzea da bizitzak aldatu, bideak edegi eta aukerak eskaintzeko indar boteretsuenetako bat, eta ziurtatu dau Eusko Jaurlaritzeak, Hezkuntza Sailaren bitartez, Laukizko Eskoleari eta eskola txiki guztiei laguntzen jarraituko dauela, hareen proiektuak sendotuz, giza hezkuntza eta kalidadekoa eskaintzen jarraitzeko.

Pedrosak adierazo dauenez, garrantzitsuena da eskola honek istorioak hasten diran eta bizitzak bultzatzen diran lekua izaten jarraitzea, eta hezkuntza komunidadearen eta udalerriaren zeregina nabarmendu dau, familien, irakasleen eta herriaren konpromiso kolektiboa balioan jarriz, horri esker Laukizko Eskoleak, ehun urte aurrerago, bere inguruan bizirik eta errotuta dagoan eskola izaten jarraitu baitau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu