Euskadi eta Nafarroako talentuaren gaztearen % 85 baino gehiagok bueltau nahi dau
2025-12-19 10:43 KultureaEuskadi eta Nafarroako 42.000 gazte inguru bizi dira diasporan.

Hemendik kanpo lan egiten dauen Euskadi eta Nafarroako talentu gaztearen % 85ek baino gehiagok etorkizunean sorterrira bueltetako aukerea darabil gogoan bere garapen profesionala bultzatzeko, eta honek kualifikazino handiko 35.700 profil profesional inguru berreskuratzeko aukerea ekarriko leikie autonomia-erkidego horreei. Datu horreek guztiak lurraldearen garapen jasangarriagaz konprometidutako Euskadi eta Nafarroako profesionalak eta enpresariak batzen dituan Artizarra Fundazinoa irabazi-asmorik bako erakundeak eta Deusto Business Schoolek (DBS) landutako txostenean jasota dagoz.
Gazteak joan izanaren arrazoiak eta bueltarako baldintzak ezagutzea da diagnostiko honen helburua eta, gainera, talentu gazte honen bueltea sustatu eta bultzatuko daben tresnak eta politika aktiboen eta ekimen sozialen diseinua bultzatzeaz gan, Jon Ander de las Fuentes Artizarrako kideak eta Guillermo Dorronsoro DBSko irakasleak azaldu dabenez.
Egun, Euskadiko 30.000 gazte eta Nafarroako 12.000 gazte inguruk lan egiten dabe jatorrizko lurraldetik kanpo, 25 eta 40 urte bitartekoak. Diasporea gazte, zabal eta askotarikoa da eta giza-kapital kualifikatua dau, injinerutzeak, enpresa-kudeaketea eta STEM adarrak ardatz dituen graduko ikasketak eta, batez be, masterrak eta doktoregoak batuz. Horreen egonaldia luzea da, izan be, % 60k sei urte baino gehiago daroaz sorterritik kanpo, eta atzerrira joan izanaren arrazoien artean, enplegua eta garapen profesionala dira nagusi, soldata hobeak eta proiekzino profesionala be oinarrizko faktoreak dir. Beste alde batetik, bueltea galarazoten deutsen oztopo nagusien artean, honako honeek nabarmendu daitekez: lan-aukerarik eta intereseko proiekturik eza, autorpen profesionalik eza, eta gure lurraldeetan etxebizitza eskuratzeko dagoan arazoa, aitatutako txostenak argitu dauen legez.
Despopulazinoari, zahartzeari eta giza-kapitalaren igesari lotutako arriskuen aurrean, Europako hainbat herrialde eta eskualdek politika aktiboak jarri ditue martxan talentua erakarteko, zerga pizgarri, lan-aukerak, egoitza-eskaintzea eta sustraitze-programak buztartuz. Euskadi eta Nafarroa ingurumari honetan lehiatzen dira, eta prisazko dinamikak ezarri behar ditue talentu gaztearen emigrazinoa geldiarazo eta bueltarako baldintzak sortzeko, lurraldean sustraitzeagaz konprometidutako diaspora aktibo eta konektautakoa indartzeaz gan. Esangura horretan, diagnostikotik harago, Artizarra eta DBSren txostenak aukerak identifikau, loturak sendotu eta talentuan egindako inbersino hori berreskuratzeko oinarriak ezartzea dau helburu.
Jon Ander de las Fuentesek adierazo dauenez, Artizarran siniste osoz uste dogu sustraitzea lehiatzeko abantailea dala edozein lurralderentzat, eta gure kasuan hiru zutabe ditu: enpresearen
sustraitzea, kapitalarena eta talentuarena. Horregaitik, oinarrizkoa begitantzen jaku talentua errotzea eta Euskadiko zein Nafarroako diasporan dagoana berreskuratzea.
Bestalde, Guillermo Dorronsororen eretxiz, Euskadi eta Nafarroarentzat ez dago inbersino errentagarriagorik, gure diasporearen bueltea erraztuko dituen baldintzak sortzeko edo, gitxienez, persona horreekazko lotureari eusteko erabiliko doguna baino. Zeregin hau erakundeek gidatu behar dabe enpresakaz eta gizarte zibilagaz konpartiduta. Duda barik, Artizarraren ekimen hau egokia eta beharrezkoa da: nahitaezkoa da kolektiboa ezagutzea neurri eraginkorrak diseinau ahal izateko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
