Cira Crespo izan da XIX. Santiago Onaindia Ikerketako bekaduna
2025-12-18 13:40 KultureaEmakume euskaldunen bizkunde literarioaren sustraiei buruzko lan bategaz.
Proposamenaren helburua da 1899 eta 1922 urteen artean emakume euskaldunen pizkunde literarioaren sustraiak ikertzea eta gizarteratzea, garaiko emakumeek euskeraz idatzitako lehen testuak aztertuz.
Edizino honetako bekaduna Cira Crespo historialaria eta kazetaria da. Hamarkada bat baino gehiago daroa Euskal Herrian biziten eta ibilbide luzea dau euskal historia ikuspegi feministatik zabaltzen. Bere proiektuaren izenburua honakoa da: Euskal emakumeen pizkunde literarioaren sustraiak (1899-1922). Irakurketa dekolonial bat. Lan honen helburua da emakumeek euskeraz idatzitako lehen literatura-testuak berreskuratzea eta aztertzea, Emakume Abertzale Batza sortu aurreko aldian.
Proposamena hipotesi argi batean oinarritzen da: 1936 aurreko belaunaldi literario femenino bat existiduten dala eta hori historiografiak zein kritikeak alde batera itxi dabela. Crespok irakurketa dekoloniala proponiduten dau testu horreek berrinterpretetako, hareen balio politikoa, literarioa eta kulturala kontuan hartuz, generoaren eta hizkuntzearen araberako marjinazino bikotxaren testuinguruan. Lanak, besteak beste, oso ezagunak ez diran Juliana Agirrezabala, Karmele Errazti edo Lili artean taldea aztertuko ditu eta batez be XX. mendearen lehen hereneko euskerazko prentsan oinarrituko da.
Lourdes Iriondo Bide-urratzaile
Era berean, agerraldian bekearen XVIII. edizinoari jagokon lanaren aurkezpena egin da, Alexander Gurrutxaga Muxikak eta Lorea Jainaga Albizuk landutakoa. Urte bi behar izan ditue ikerketea gauzatzeko Lourdes Iriondo, Bide-urratzaile izenburukoa; Lourdes Iriondoren irudiari balio kritikoa emoten deutso, ez bakarrik euskal musika modernoaren aurrendari lez, baita frankismoaren urte gogorretan euskerazko ume literaturearen lehen sortzaileetako bat bezela be.
Azterlanak haren ekarpen musikala zein literarioa jorratzen ditu, Iriondok oraindino erabat finkatu barik egoan euskal literatura sisteman izan eban zeregina eta errepresino garaian euskal kultureagaz izan eban konpromisoa nabarmenduz. Lanak material argitaratu bakoak berreskuratu eta irakurketa feminista eta bardintasunaren ikuspegitik egina da, Iriondoren ondarea gure historia kulturalaren oinarrizko zati legez aldarrikatzeko.
Ekimen horren bitartez, Amorebieta-Etxanoko Udalak euskerazko ikerketa eta euskal literaturan oinarrizkoak izan diran figuren autortzea sustatzen jarraitzen dau, kultura kritiko, sortzaile eta konprometiduaren aldeko jarrerea indartuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
