Bermeoko arkitektura garaikidea, argitara
2025-12-18 12:45 KultureaGorka Perez de la Peña Oleagaren Bermeo, 1860-1975. Hirigintza eta Arkitektura lana aurkeztu dau.
Bermeoko Udalak Bermeo, 1860-1975. Hirigintza eta Arkitektura liburua aurkeztu dau. Gorka Perez de la Peña Oleagak egindako lana Bermeoko ondare garaikidea ezagutzeko, autortzeko eta maitatzeko ezinbesteko tresnea da. Udalak babestu dau liburua.
Liburuak Bermeoko bilakaera garaikidea aztertzen dau 1860 eta 1975 urteen artean, urigintzearen eta arkitekturearen ikuspegitik. Ikerketa-lanaren bidez, alde batetik, uri barri baten artikulazinoa adierazoten da eta, bestetik, Bermeok dauen arkitektura aparta. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak ondokoa adierazo dau: gure aurrean dogun ondarea aberatsa da, baina ezezaguna.
Proiektuaren jatorria
Liburu horren sorrerea ez da kasualidadea izan. Proiektuaren lehen hazia 2014ko urrian landatu zan, Bizkaiko Ondare Jardunaldien barruan atondutako bisita gidatu batean. Jardunaldi horreen gaia Etxez Etxe izan zan eta testuinguru horretan, Kikunbera etxea barrutik ezagutzeko aukerea egon zan Gorka Perez de la Peña Oleagaren eskutik. Egun hatan, 80 persona inguruk parte hartu eben bisitan.
Esperientzia horrek, bide luze bati hasierea emon eutson. Ordutik aurrera, Bermeoko Turismo Bulegoa eta Gorka Perez de la Peña Oleaga alkarlanean ibili dira, urtez urte udagoieneko bisita gidatuak atontzen, herriko altxor ezezagunak jenteari hurreratzeko helburuagaz. Era berean, Gorkak bere ikerketa akademiko eta historikoa jorratzen jarraitu dau eta, prozesu horretan, herritarrek Bermeoko ondarea gero eta sakonago ezagutzeko aukerea izan dabe.
Urte horreetan guztietan, bisitek upealako erantzuna izan dabe eta egilearen inguruan jarraitzaile-talde sendoa sortu da. Nadia Nemeh Shomalyk adierazo dauanez, Gorkak Bermeoko ondarea ezagutarazo deusku, eta, era berean, bera be herri honen ondareagaz maitemindu da. Aurten be, bisitek erantzun bikaina izan dabe, 60 persona baino gehiagok parte hartuta. Bisita horreen bidez, herritarrek eraikin eta espazio esanguratsu ugari ezagutzeko aukerea izan dabe, besteak beste, Batzokia, Kofradi Zaharra, Kasinoa, Goizeko Izarra Kofradia, Bermeoko ospitalea, Casa del Niño eta kanposantua.
Ondarearen balioa
Gorkaren prozesuaren bidez, apurka-apurka herritarrak Bermeoko ondare garaikidea eta hori sortu eben arkitektoak hobeto ezagutzen joan dira. Halanda ze, Pedro Ispizua, Teodoro Anasagasti eta Fernando Arzadun lako arkitekto bermeotarrak, askorentzat oraindino ezezagunak badira be, lehen mailako profesionalak izan ziran, euren lanak nazinoarteko mailakoak baitira. Hori guztia geureganatu behar dogu, izan be, Bermeo arkitektura garaikidean be lehen mailako herria da.
Liburuak, balioa emoteaz gan, ondare garaikidearen inguruan dagozen erronkak be mahai gainean jarten ditu. Gorka Perez de la Peña Oleaga adierazo dauanez, ondare mueta hori zabaltzea ez da erraza, baina eustea eta birgaitzea arabere gatxagoa da: askotan jaube askoko eraikinak dira, kostu handiko lanak eskatzen ditue eta, gainera, gitxi ulertutako ondarea izaten da askotan. Zehetasun txikiak, eraikinei arimea emoten deutsenak, askotan ez dira kontuan hartzen eta horrek ondorio larriak ditu ondarearen osotasunean. Beraz, arkitektura garaikidearen inguruan lan handia dogu aurretik, baina liburu hau kaleratzea lehen pausoa izan da.
Bermeo, 1860-1975. Hirigintza eta Arkitektura liburua Gorka Perez de la Peña Oleagak ilusino handiz eta urteetako lanaren ondorioz egindako lana da. Prozesu horretan, Bitor Uriarte izan dau laguntzaile eta bidelagun. Alkateak nabarmendu dauenez, ezinbestekoa izan da Bitorren ekarpena; liburua egiteko beharra egoala ikusita, zinegotzi legez eta persona eta historialari profesional bezela be parte hartu dau.
Gaur arratsaldean, hilak 18, liburua jentartera aurkeztuko da. Aurkezpen publikoa 19:00retan izango da, Nestor Basterretxea Aretoan. Aurkezpenean egongo dira egilea bera, Bitor Uriarte, Bermeoko alkatea eta Alberto Santana. Interesa dauenak liburua erosteko aukerea izango dau, 35 euroan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
